Donostian 176 pertsona daude COVID-19ak kutsatuta
Azken datuen arabera, 33 positibo berri zenbatu dira. Duela bi egun, koronabirusarekin kutsatutako donostiarrak 143 ziren, eta duela hiru, berriz, 111.
Eusko Jaurlaritzak aditzera eman ditu atzo gaueko 20.00ak arte Osakidetzak erregistratutako datuak. Donostian 176 dira orain arte birusaren frogan positiboa eman duten pertsonak, baina kopuru hori dagoeneko hazi egin dela aurreikusi daiteke. Duela bi egun, koronabirusarekin kutsatutako donostiarrak 143 ziren, duela hiru 111, eta duela lau, berriz, 92.
Datu hauek adierazten dute Donostia EAEko kutsatu gehien dituen laugarren udalerria izatera pasa dela, Getxo (175) aurreratu baitu. Donostiaren aurretik jarraitzen dute oraindik Gasteizek (1280), Bilbok (643) eta Basaurik (186).
Erkidegoko osasun eremuen araberako zerrendatzea ikusita, hala banatu dira kutsatzeak Donostiako osasun eremuetan:
- Ondarreta: 40
- Amara Berri: 30
- Gros: 25
- Amara-Erdialdea: 18
- Parte Zaharra: 16
- Altza-Roteta: 14
- Egia: 9
- Intxaurrondo: 7
- Loiola: 7
- Bidebieta: 3