Elhuyarrek etxean egiteko moduko esperimentuen egutegia osatu du apirilerako
Elhuyarrek #NikEtxeanEsperimentuak izeneko egutegia sortu du COVID-19aren eraginez etxean isolamenduan egoteko egunak arintzeko, eta, bide batez, zientziaren inguruko kontzeptuak modu dibertigarrian eta familiartean ikasteko. Egutegia interaktiboa da, eta esteka honetan kontsultatu daiteke.
Proposatu dituzten esperimentuak etxean aurki daitezkeen material eta tresnekin egin daitezke, eta apirileko egun bakoitzari bi egokitu dizkiote: bata (H) haurrei zuzenduta dago, eta bigarrena, berriz, gazteei (G). Esperimentu bakoitzari dagokion estekan sakatuz gero, hura egiteko argibide guztiak dituen dokumentua zabaltzen da.
Era berean, esperimentuekin lortutako emaitzak #NikEtxeanEsperimentuak traolarekin sare sozialetan zabaltzeko gonbita egin die Elhuyarrek parte hartzaileei, eta datozen egunetan beste esteka honetan zuzeneko saioak ere egingo dituztela iragarri du.