Euskadiko bataila
Rage Against The Machine talde ospetsuak oholtzetara buelta iragarri zuen aurreko urte amaieran. Zaleek pozez zoratzen jaso zuten albistea, baina birak ez du geldialdirik egingo Euskal Herritik gertu. Duela 20 urte Donostian izan ziren haien azken diskoa aurkezten.
Igandea, otsailak 13, 2000. urtea. Ilunbeko zezen plaza jendez gainezka dago, baina ez datoz zezenketak ikustera. Asian Dub Foundation talde gonbidatuak bukatu du haien kontzertua, eta zaleek badakite zer datorren ostean: Rage Against The Machine.
Bat-batean, Fermin Muguruza eszenatokian agertzen da, taldearen aurkezpena egiteko, baina batez ere euskal presoen etxeratzea aldarrikatzeko. Konpromiso politikoa harmarri duen talde erraldoi honi bide emateko, Muguruza. Nor bestela?
Oihal handi batean The Battle of Los Angeles diskoaren azala ageri da, ukabila goian duen norbaiten silueta grafitiz pintatuta duela. Taldeak badaki, hala ere, ez daudela haien jaioterrian.
The Battle of Euskadi irakurri dezakete zaleek bateriaren atzean, eta ordurako, Los Angeleseko laukotea taula gainean da. «Good evening. We are Rage Against The Machine, from Los Angeles, California», dio oihuka Zack de la Rocha abeslariak, beti egin ohi duen moduan.
Tom Morello gitarra jotzaileak Testify abestiaren lehen notak ematen ditu, Brad Wilk bateriaren arradak lagunduta, eta ondoren sartzen dira Tim Commerforden baxu kolpe solidoak. Abestiak eztanda egiten du, eta eromena da nagusi Illunben.
Rock, hip hop, funk, hardcore eta punk koktel honek bertaratutakoak saltoka jarri ditu ordu eta erdiz. De la Rocharen haserre hitzek kapitalismoaren bidegabekeriak eragiten dituztenei garrasi egiten die, zuzen-zuzenean.
Klasikoak eta abesti berriak tartekatu ondoren, atseden txiki bat hartzen dute. Ez dago zezenik, baina Bulls on Parade (Zezenen Desfilea) abestiak hankaz gora jartzen du plaza, azkenik Freedom eta Killing in The Name ereserkiekin kontzertuari amaiera emateko.
Bigarrenez bueltan
Txileko protesten argazki batekin batera, sare sozialen bidez berriro elkartuko zirela iragarri zuen taldeak iaz. Ez da lehenengo itzulera, 2007tik 2011ra ere bira egin baitzuten. Gainera, taldekide guztiak batera ibili dira, de La Rocha izan ezik, Audioslave eta Prophets of Rage proiektuen barruan.
2020. urtean mundua zeharkatuko duen bira Europara ere iritsiko da, baina ez Euskal Herrira. Itzuliko al dira noizbait Donostiara, bigarren bataila baten bila?