Koronabirusa izan ala ez, auzotarren arteko lotura indartu nahi dute
Garai batean, estuak ziren Bidebietako auzotarren arteko harremanak. Modu naturalean eskaintzen zioten laguntza elkarri, eta dinamika horiek berreskuratzeko asmoz sortu da Auzokide elkartea.
Konfinamendu neurriek eragindako arazo indibidualei erantzun kolektiboa emateko sareak sortu dituzte azken egunetan hiriko hainbat auzotan. Bakoitzak bere funtzionatzeko modua garatu du, baina denek dute gauza bera funtsean: komunitatearen indarra. Bidebietan gauza bitxi bat gertatu da: COVID-19 birusaren zabalpena saihesteko neurriak ezarri aurretik, auzotar talde bat antolatzen hasi zen, Bidebietako bizilagunen beharrei modu kolektiboan erantzuteko. Azken egunotan sortu diren sareak ez bezala, koronabirusak eragindako beharrez harago doa haien helburua.
Hain zuzen, otsailaren 1ean hasi zuen bere bidea Auzokide elkarteak. Aurretik, baina, auzotarrei egitasmoaren berri emateko eskutitzak sartu zituzten atarietako buzoietan. Gainera, informazioa eskaintzeko bilerak egiteko asmoa zuten, hilabeteko azken astelehen eta asteartetan, baina, osasun larrialdi egoeraren ondorioz, bertan behera utzi behar izan dituztela azaldu du elkarteko Coro Amunarrizek.
Gaur egun, 35 eta 80 urte arteko hamasei pertsonak osatzen dute taldea, eta horietako bat da Cristina Hernandez. «Bere lanagatik Bidebietarekin lotura duen pertsona baten ekimenez sortu zen egitasmoa. Auzoan dauden hamabi dorreetako bizilagunen arteko kolaborazio proiektu bat sortzeko ideia bururatu zitzaion», azaldu du Hernandezek. Asistentzia proiektu soil bat baino gehiago izateko bokazioa dute, izan ere, garrantzia handia ematen diote bizilagunen arteko elkartasunari eta lan boluntarioari: «Ez dugu nahi elkarri eskaintzen diogun laguntza noranzko bakarrekoa izatea, elkarrekikotasuna nahi dugu».
Auzokideren bidea hasi besterik ez da egin, eta Bidebieta osoko bizilagunen komunitateetara iristea da haien asmoa. Oraingoz, Ainguraren errotondaren eta BM supermerkatuaren zonaldean ari dira, baita Azkuene kalean eta inguruko baserrietan ere. Era berean, Serapio Mujika kaleko, Juan Carlos Guerra kaleko, Julio Urkixo kaleko eta Makondo kaleko hainbat eraikinetara ere iritsi dira. Halaber, identifikatu dizuten beharrak askotarikoak dira: bakarrik bizi diren pertsonei lagun egitea, esekileku bati soka aldatzea, zein etxeko lanekin laguntzea, besteak beste.
Guardaplata auzotik Bidebieta auzora
Maite Perez Errondosoro 1954. urtean heldu zen auzora, oraindik Guardaplata izena zuenean. Auzokide elkarteko kideetako bat da, eta denboran atzera egin du, auzotarren arteko lotura nola aldatu den ikusteko: «Hasieran lau eta bost solairuko etxeek osatzen zuten auzunea, eta horren ondorioz bizilagunen arteko harremanak gertukoagoak ziren». La Paz auzunea sortu zenean, Bidebieta izena jarri zioten auzoari, eta orduan eraiki zituzten gaur egun ezagutzen ditugun dorre altuak. Perez Errondosororen ustez eraikin mota horrek harremanak «hoztea» eragin zuen.
Duela hamarkada batzuk auzo elkarteak egindako lana goraipatu du Bidebietakoak, eta kontatu du auzotarrentzat jarduera ugari antolatzen zituztela: «Festa ederrak prestatzen zituzten, baina batez ere, auzotik droga desagertzeko lan handia egin zuen auzo elkarteak». Jardun horretan aritu ziren auzotar asko zahartu eta hil egin direla azaldu du auzotarrak, eta haiekin auzoaren komunitate izaeraren zati handi bat ere. Nostalgiaz betetako hitzak dira Perez Errondosororenak, baina, era berean, etorkizunean dauka jarrita begirada: «Gure taldeko kide batek esaten duen bezala, agian hemendik denbora batera auzo elkarte berri bat sortu dezakegu. Beharbada, koronabirusaren krisiak begiak zabalduko dizkigu, eta auzotarren arteko lotura estutzeko balioko du».