110 boluntario bildu ditu dagoeneko Groseko zaintza sareak

Bi aste inguru igaro dira koronabirusaren pandemiaren harira herritarren konfinamendua hasi zenetik, eta itxialdiaren ondorioz sortzen diren beharrei modu kolektiboan erantzuteko sortutako zaintza sareak lan eta lan ari dira. Donostian auzo askotan sortu dira herritarren artean laguntza emateko egitasmoak, eta horietako bat da Groseko Auzo Zaintza sarea. Helburu argia dute sare horiek: erakunde publikoek koronabirusaren hedapenaren aurrean dekretatu duten konfinamenduaren ondorioz, egoera zaurgarrienean dauden pertsonei laguntza eskaintzea, esaterako pertsona nagusiei eta arrisku taldea osatzen dutenei.
Groseko zaintza sareak sareetan martxoaren 29an zabaldutako azken datuen arabera, 110 boluntario biltzen ditu gaur egun sareak; hau da, 110 auzotarrek eskaini dute euren burua bizilagunei laguntzeko. Era berean, hamar erosketa laguntza zerbitzu daude martxan, eta orotara, 25 dei jaso dituzte informazioa eskatzeko. Horietako batzuk beste auzo eta herri batzuetara bideratu dituzte, eskatutako beharrei erantzuna emateko asmoz. Azkenik, jakinarazi dute beste hainbat dei jaso dituztela, auzotarrek azaldutako borondate ona eskertzeko.
Bizilagunen arteko laguntza sustatzeaz gain, auzoko saltoki txikien aldeko aldarrikapena egin du Groseko zaintza sareak, eta herritarrak animatu dituzte horietan kontsumitzera. Honakoa azaldu dute sare sozialetan: “Zoritxarrez, saltoki txikien egoera larria da auzoan, eta egoera honek arriskua biderka lezake, beraz, garai zailetan, auzo zaintzaz, auzoa zaindu!”.