Artzain Onaren dorreko aldamioak kentzen hasi dira

Artzain Onaren dorrea zaharberritzeko lanak amaitu egin dituzte, eta argiteria jartzea eta aldamioak pixkanaka kentzea besterik ez da falta. Hala ere, Espainiako gobernuak funtsezkoak ez diren jarduera guztiak apirilaren 9a arte etengo direla iragarri duenez, zalantzan dago egun hauetan kendu ahal izango dituzten ala ez.
Orain arte zaharberritze lanekin jarraitu dute alarma egoeran, baina neurriek eragina izan dute baita ere, langileek segurtasun distantzia mantendu behar izan dutelako. Hala azaldu du Mikel Billaberde obraren buruak, eta onartu du egoerak aldamioen erretiratzea atzeratu egingo duela.
Aurreko astelehenean hasi ziren egitura kentzen. Oraindik ez dakite noiz arte luzatuko den, dorrea argiztatuko duten 230 lanparak jarri behar baitituzte, guztiz kendu aurretik. Argia ematen duen Philips enpresak material gehiago eskatu behar izan du, eta horiek iritsi arte ezin izango dituzte aldamioak kendu.