Gros, Amara Berri eta Parte Zaharra dira COVID-19aren erreferentziazko zentroak Donostian
Eusko Jaurlaritzak adierazi du norberaren ohiko osasun zentrora deitzen jarraitu behar dela arnas sintomak —eztula, eztarriko mina, sukarra edo arnasa hartzeko zailtasuna— izanez gero eta, hauetatik, beharrezkoak diren kasuak bakarrik bideratuko dituztela ezarritako erreferentziazko zentroetara.

Neurri honekin arnas patologiei lotutako eskaerak eta gainontzeko osasun-eskaerak bereizi nahi dituztela esan du Eusko Jaurlaritzak, bi helbururekin: alde batetik, arnas patologiak dituzten pazienteek horretarako prestatutako zentroetan arreta jaso ahal izatea; bestetik, herritarren segurtasuna bermatzea, kutsadurak ekiditeko zirkuitu espezifikoak baitituzte zentro hauek.
Gasteizen eta Bizkaiko Barrualde-Galdakaon dagoeneko bazeuden COVID-19ari lotutako erreferentziazko zentroak. Gaurtik aurrera, zonalde horietan abiarazitako neurriak autonomia erkidego osora zabaltzen dira.
Erreferentzia zentroak ezartzeaz gain, etengabeko arretako guneen (EAG) asteburuko zerbitzua indartuko dela adierazi du Eusko Jaularitzak, “aurrez aurre, etxean eta telefonoz, gehienbat bere burua eskaini duten profesionalei esker”. Beraz, Donostiako EAGeetan asteburutako zerbitzua indartu egingo da.