"Auzotarrek erakutsi duten jarrera ikusita, Morlansek etorkizun polita daukala pentsa dezakegu"
Alarma egoerarekin batera ezarritako etxealdiak auzotarren ekimenerako grina eta irudimena piztu ditu Morlansen: musika saioak, zaintza sareak, haurrentzako egitasmoak... Morlanstarrak elkarteko Ana Urrestak azaldu duenez, aspertzeko unerik ere ez dute.

Berrogeialdia ezarri zenetik, egoerari modu kolektiboan aurre egiteko hainbat egitasmo garatu dituzue auzoan. Zein izan zen lehena?
Hasteko, Morlanstarrak auzo elkartearen bidez, auzoan beharrak izan ditzaketen bizilagunei laguntzeko zaintza sarea osatu genuen. Gure asmoa da gizarte zerbitzuen laguntza jasotzen ez duten pertsonengana heltzea: bakarrik bizi direnak, beldurra dutenak, adineko jendea.
Gure auzoaren goiko aldean adineko pertsonak asko bizi dira, eta batik bat beraiengan pentsatuz erabaki genuen antolatzea. Gizarte zerbitzuetako bulegoarekin harremanetan jarri ginen auzoko egoera ezagutzeko, eta zaintza sarea martxan jartzeko telefono zenbaki bat erosi genuen.
Eta, zertan laguntzen diegun? Ba, behar diren gauzetan. Erosketak egiten, txakurra paseatzen eta baita soilik hitz egiten ere. Ez gaude ezertara itxiak, egoera hau egunero aldatu daitekeelako.
Bestalde, auzo elkartearen talde feministaren bidez beste telefono zenbaki bat jarri dugu, etxean edonolako erasoak jasan ditzaketen emakumeei laguntza eskaintzeko.
Nortzuk osatu duzue sare hori?
Auzo elkartetik sarea osatzen ari ginen bitartean, beste auzokide batzuk euren kasa antolatzen hasi ziren, portaletan laguntza eskaintzeko kartelak jarriz. Hori sekulako poza izan zen guretzat, gainerako auzotarren artean ere mugimendu bat zegoelako ikusi genuelako.
Bada, beraiekin hitz egin genuen eta orain denok elkarrekin ari gara lanean. Auzotarren artean bountario moduan izena emateko fitxa bat zabaltzea otu zitzaigun ere, eta horri esker beste zazpi edo zortzi pertsona agertu ziren prest laguntzeko.
Eta nola iritsi zarete laguntza behar duten pertsonengana?
Sarearen laguntza eskaintzeko kartelak eta sare sozialak erabili ditugu, baina kanal horiek mugatuak dira. Zorionez, jakin genuen goiko aldean bizi den bizilagun batek megafono bat duela etxean, eta, horri esker, han ere tarteka gure mezua zabaldu dezakegu. Horrez gain, auzoko DJak musika jartzen duenetan gure grabazioak txertatzen ditu.
Morlansko musika sesioak ezagun bilakatu dira. Nondik jaio zen hori egiteko ideia?
DJ Burunda, sesioez arduratzen den pertsona, Leire plazan bizi da, eta auzo elkarteko batek berarekin hitz egiteko ideia izan zuen. Hortik jaio zen egitasmoa, eta ‘Zortziretan plazan’ izena jarri zioten. Hortik, gerora, Whatsapp talde bat sortu zen, eta dagoeneko 165 pertsona daude hor.
Talde horren bitartez eguneroko ekimenak antolatzen eta zabaltzen dituzte. Hor dagoen mugimendua mugatua da, ordea, soilik Leire plazan bizi diren auzotarrek gozatzen dutelako. Atzean daudenak jeloskor daude. Baina beti bideoak egiten saiatzen gara, besteek ere ikusi ditzaten.
Horren harira, DJ Burunda aski ezaguna bilakatu da sare sozialetan. Egunero saio bat egiten du bere ekipoarekin, 20:00etan, eta asteburutan, berriz, gai bereziak jartzen dizkiote (adibidez, 1980ko hamarkada), eta jendea mozorrotu egiten da balkoietan dantza egiteko.
Eta, gaua iritsi arte, zer?
Aipaturiko Whatsapp talde horretan gauza asko antolatzen dira, eta umeentzako ere hainbat ekimen egiten ari gara. Bingoa, esaterako. Jendeak izena ematen du Whatsapp bidez eta gero bakoitzak bere txartela egiten du etxean. Bonboa balkoi batean jartzen dute eta gero zenbaki bakoitza oihukatu behar da, baten batek ‘bingo’ esan arte.
Halaber, auzoan yoga aretoa duen pertsona batek ariketak bidali zizkigun, eta goiz batean ere yoga egiten aritu ginen. Eta, hori guztiaz gain, egunero omenaldiak egiten ditugu, ez soilik osasun langileentzat, baizik eta egunotan denontzako lanean ari diren langile guztientzat. Eta baita kazeroladak ere, izan Borboien aurka, Zaldibarko kasua argitzeko eskatuz edo indarkeria jasaten duten emakumeen alde. Protesta egiteko arrazoirik ez zaigu falta.
Zerk mugitzen zaituzte horrenbeste gauza antolatzera?
Gerra garaian tropak animatu egin behar dira. Etxean gaude kalera atera ezinik, eta egitasmo hauek, behintzat une labur baterako badira ere, alaitasun apur bat ematen digute. Agian ez zara egunero balkoira aterako, baina animoz ondo bazabiltza eta ateratzen bazara une atsegin bat pasako duzu.
Eta zaintzari loturiko egitasmoak aisialdirako ekimenak bezain garrantzitsuak dira, edo gehiago. Eta, auzotarrek arlo horretan erakutsi duten jarrera ikusita, Morlansek etorkizun polita daukala pentsa dezakegu.
Beharbada indartuta aterako zarete egoera lazgarri honetatik.
Ea hala den, behintzat honek guztiak alde positibo bat izan dezan. Hau amaitzerakoan, ziurrenik auzoko Whatsapp talde hori desegin egingo da, baina argi dago hor sartuta ibili diren auzokide askok etorkizunean modu aktiboagoan hartuko dutela parte auzoan. Ez daukat horren zalantzarik.
Berrogeialdia atzean utzitakoan ere festa bat antolatu beharko duzue, behintzat.
Bai, noski. Auzoko festak maiatzean dira, eta ez dut uste horretarako garaiz iritsiko garenik, baina aurkituko dugu honen amaiera ospatzeko unea eta modua.