Sarearen inguruko informazioa zabaltzea eskatu dute Añorgako zaintza saretik
Konfinamendua hasi zenetik 2 dei soilik jaso ditu Añorgako elkarlaguntza sareak. “Gazi-gozo xamarra izaten ari da. Ez dakigu zein den eskaerak ez jasotzearen benetako arrazoia: edo ez dagoen beharrik, edo gure baliabide edo kontaktuen bitartez ez dakigun benetan iristen behar duten pertsonengana”, adierazi dute zaintza saretik.
Etxean gelditzeko neurriak hartu zirenetik hasi ziren honetan lanean Firestone Lantegi Batu Berreskuratuko (Fires) zenbait kide. “Hernanin horrelako ekimen bat martxan ipini zutela, Fireseko zenbait kide hitz egiten aritu ginen. Añorgan ere horrelako zerbait egitea ondo egongo zela iruditu zitzaigun, eta iniziatiba zabaldu genuen,” kontatu dute. Garbitasun eta higiene irizpideak ezarri zituzten. “Donostiako beste sareek ateratako protokoloaz baliatu ginen horretarako, zehazki, Antiguako sareko protokoloaz”.
Egoera zaurgarrian dauden edo, arrazoi desberdinak direla medio, etxetik atera ezin duten pertsonei erosketak egiteko zerbitzua eskaintzen du batik bat Añorgako zaintza sareak. “Firesetik iniziatiba hau martxan ipini aurretik, guraso batzuk umeen antolatuak zeuden, baina une honetan jada ez dago horren beharrik guraso gehienak etxeetan daudelako. Sare horretakoak gurera pasa dira,” azaldu dute. Egun, 17 boluntario ditu guztira, eta gazteak zein helduak ari dira lan horretan.
Añorgako zaintza sarearekin kontaktuan ipini nahi duenak, ondorengo telefonoetara deitu dezake:
628 94 72 62
659 35 59 48
Gainontzeko auzoetako sareetako kontaktu informazioa, gida honetan dago eskuragarri.