Eduki digital berri gehiago bultzatuko dituzte Donostia Kulturatik
#DKEtxean agendaren baitan, eduki digital propioak sortzeko apustua egin dute Donostia Kulturatik. Astelehenean martxan ipinitako Ipuinaren Orduaren saio birtualei, ilustrazioaren, literaturaren eta ikuskizunen arloei lotutako eskaintza gehituko zaie.
Astelehenetik ostiralera idazle eta ilustratzaileek argitaratu gabeko kontakizun motzak partekatuko dituzte DKEtxean Koadernoan, baita egoera honetarako bereziki sortutako ilustrazioak ere. Gaurtik hasita, ostegunetatik igandera bitartean Antzokian Etxean izango da 19.00etan, eta tokiko artista edo sortzaileen koreografia, antzezlan edo kontzertuen zati batzuk eskainiko dira. Horiez gain, San Telmo museoko webgunean museoaren XX pieza esanguratsuenak ezagutzeko aukera izango du ikusleak asteazkenetan 10.00etan. Eta Larrotxene bideotik tutorialak eta zuzeneko saioak eskainiko dira bideozaleentzat. Agenda guztia donostiakultura.eus webgunean ikusi daiteke.
Aipatutako kultur programazio birtualak apirilean eta (gutxienez) maiatza hasieran zehar egingo diren jarduerak jasotzen ditu.