"Bai Puigcerdak bai guk argi dugu finala jokatu nahi dugula"
Martxoan jokatu behar zuten Ligako finala irailera atzeratu da Txuri Urdineko mutilentzat. Hala jakinarazi zuen joan den astean Espainiako Izotz Kirolen Federazioak. Laugarren liga jarraian irabazteko aukera dute CG Puigcerdaren aurka, baina dena airean dago oraindik.
Noiz eta nola hasi zineten ikusten ziurrenik finala ezingo zenutela jokatu hasierako datetan?
Finalerdiak pasa genituenean –martxoaren 8an jokatu genuen azken partida–, finala prestatzen hasi ginen. Finalaren lehen partidaren aurretik, hiru egun lehenago, entrenamenduak uztea erabaki genuen, egoera okertzen ari zelako. Adibidez, nik, lanean nenbilela, dagoeneko etxetik lanean hasi behar izan nuen, beraz, aproposena iruditzen zitzaigun. Hortik pare bat egunetara izotz jauregia itxi zuten.
Finala irailean izango da, baina noiz eta nola esan dizuete?
Federazioak eskaini digu lehen bi partidak Puigcerdan jokatzea, eta ondorengo biak Donostian egitea. Lauak jokatuta, talde bakoitzak bina irabazi baditu, azkeneko partida luzatuko litzateke.
Dena den, proposamenarekin ez gaude ados eta hala jakinarazi diogu Federazioari. Azken batean, liga erregularrean gu aurretik geratu ginen, eta aurretik etxean jokatzeko abantaila galtzen dugu ordena horretan egiten bada. Normalean ligan aurretik geratu denak hori izaten du bere alde. Orain Federazioaren erantzuna itxaron behar dugu.
Nola pentsatu duzue prestatzea finala?
Izotza noiz izango dugun da gure lehenengo kezka. Udan, Txuri Urdineko Izotz Jauregian ez dago izotzik, kendu egiten baita, eta abuztu inguruan jartzen da berriro. Finala irailean bada, hilabete besterik ez genuke izango prestatzeko, eta hori zailtasun bat da, ez daudelako izotz pista asko.
Dena den, Espainiako ligako talde guztietan egoera berdina da izotzari dagokionez. Alegia, abuztu aldera jarri ohi dute berriro. Eta bai Puigcerdak bai guk argi dugu finala jokatu nahi dugula eta irabazlea nor den jakin.
Talde moduan nola bizi izan duzue egoera hau guztia?
Ez da erraza, eta ziurtasun eza dugu. Abuztutik daramagu entrenatzen, eta finalera iristea lortu dugu, nahiz eta ez den erraza. Horregatik ere egoera honetan zaila da kemena izatea, baina aurrera egin behar da. Bakoitza bere etxetik ariketa batzuk egiten saiatzen ari da forma fisikoa ez galtzeko.
Entrenatzaileak jarritako ariketak dira aipatutakoak?
Norberak nahi edo ahal duen moduan entrenatzen du etxean. Zentzu horretan, entrenatzaileak edo klubak ez digute ezer konkreturik esan edo eman.
Nesken taldeak ezingo ditu Erreginaren Kopako final laurdenetako partidak jokatu Izotz Federazioak ligako finalak ez diren gainontzeko norgehiagokak amaitutzat jo dituelako. Beraiekin hitz egiterik izan duzu nola bizi duten jakiteko?
Taldekide batekin hitz egin dut. Eta esango nuke ez daudela oso pozik, puntu horretaraino iristeko esfortzua egin dutelako, eta bertan behera geratu delako dena beraientzat. Beraien helburua, azken batean,ahalik eta partida gehien jokatzea zen.
Hau guztia gertatu aurretik, nola bizitzen ari zineten orokorrean 2019-2020ko denboraldia?
Oso denboraldi polita izaten ari zen. Aldaketa asko eduki ditugu taldean, entrenatzailetik hasita. Taldekide batzuek taldea utzi dute eta berriak etorri dira. Gainera, aurten, lehenagotik taldean zegoen eta beste urte batzuetan hainbeste jokatu ez duen jende asko minutu gehiago izaten ari zen. Hori polita da. Helburua, gainera, finalera iristea zen eta iritsi gara.
Laugarren urtez jarraian irabazi dezakezue liga. Nola bizi duzue hori?
Final guztiak dira garrantzitsuak, nahiz eta guretzat hau laugarrena izan jarraian. Denak ilusioz beteta bizi ditugu, eta hau ere bai.
Zuk pertsonalki nola daramazu egoera guzti hau?
Nahiko ondo daramat. Errutina finko bat hartu dut egunero, eta uste dut hor dagoela gakoa. Nik, zorionez, etxetik lan egiten jarraitzen dut, eta, horri esker, goizetik, baditut egitekoak. Arratsaldetan entrenatu egiten dut sasoia ez galtzeko.
Kapitaina izanik, une honetan taldeari zerbait esan beharko bazenio, zer esango zenioke?
Familiarekin egoteko, garrantzitsuena da denak ondo eta babestuta egotea, eta norbait gaixo baldin badago errekuperatzea. Eta zentzuz jokatzea, erantzukizun hori dugulako orain. Egoera honetan hockeya bigarren mailako zerbait da.
Eta kirol ikuspuntutik zerbait esango zenieke?
Entrenatzen saiatzea, forma hori ez galtzeko, eta gogoak ez galtzeko. Azken batean, final bat dugu aurrean eta hori lortzea ez da erraza.