Gero eta dei gehiago jasoko dituztela uste dute Bidebietako zaintza sarekoek
Bidebietako zaintza sarean, orain arte, ez dira asko izan boluntario gisa izena eman duten pertsonak, ezta laguntza eske jaso dituzten deiak ere, baina adi jarraitzen dute, behar duten auzotarrentzat laguntza eskaintzeko. Hain justu, hamar dira zaintza sareak dituen boluntarioak –zazpi emakume eta hiru gizon–, eta euren batez besteko adina 50 urtekoa da. Pare bat aldiz eskaini behar izan dute laguntza, eta dei batzuk ere jaso dituzte informazio eske.
Bestalde, azaldu dutenez, arriskuan dauden kolektibokoak ez diren boluntarioek eskaintzen dute laguntza fisikoa –erosketak egin, zakarra atera, eta abar–, eta arriskuan egon daitezkeenek deiak jasotzen dituzte, animoak ematen dizkiete laguntza eske deitzen dutenei, eta abar. Era berean, prebentzio neurri guztiak betez egiten dute lan. Udalarekin orain arte izan duten harremana positiboan baloratu dute, eta adierazi dute udalak laguntza eske jaso dituen dei batzuk zaintza sareari bideratuko dizkiola.
Oro har, lehenengo asteetan kaos pixka bat egon zela adierazi badute ere, orain hobeto koordinatuta daudela nabarmendu dute Bidebietakoek, inguruko auzoetako zaintza sareekin ere koordinatu baitira, zonaldeak ez solapatzeko. Ildo horretatik, orain arte dei gutxi jaso badituzte ere, egoera luzatzen bada dei gehiago jasoko dituztela aurreikusi dute.