Alkateak zaintza sareetako boluntarioen lana eskertu du, eta laguntza eskatu du eskuragarri dauden zerbitzu guztien berri emateko
“Helburua da beharra duen donostiar bat bera ere laguntzarik gabe ez gelditzea, laguntza hori non eskatu behar duen ez jakiteagatik”, adierazi du alkateak, eta egoera zaurgarrian dauden pertsonei informazioa zabaltzeko laguntza eskatu du; bai hiriak eskaintzen dituen zaintza zerbitzuena, bai udalak eskaintzen dituena, eta baita hiritarren sareak eta beste gizarte eragileek ematen dituztenak ere.
Dokumentu batean bildu ditu harremanetarako datu guztiak; informazio guztia zein laguntza eskatzeko dauden telefono zenbakiak jarri ditu hemen. Horiek horrela, webgunean jarri du eta proposatu du jaisteko zein inprimatzeko eta etxeen atarietan jartzeko, edozein pertsonak kontsultatu eta, behar izanez gero, erabili ahal izateko.
Dokumentuak erakundeen telefono zenbakiak jasotzen ditu (larrialdietarako gizarte zerbitzuak, etxez etxeko laguntza zerbitzua, teleasistentzia), baita laguntza psikologikoa, indarkeria matxistari aurre egiteko laguntza, itxaropenaren telefonoa edo dolu-prozesuetarako laguntza eskatzeko zenbakiak ere.
Dokumentuak, halaber, boluntarioen sare ezberdinen kontaktuak jasotzen ditu, bai Eusko Jaurlaritzak Gurutze Gorria eta Caritas-ekin elkarlanean sortutakoa, bai hiriko auzo ezberdinetan martxan jarri diren hiritar-ekimenak. Hortaz, aipatutako hiritar-ekimen sarearekin harremanetan jartzeko eskatzen da, baldin eta norbaitek erosketa egiteko, zaborra ateratzeko, maskotak paseatzera ateratzeko edo botikak jasotzeko beharra badu.
Donostiako alkate Eneko Goiak donostiarrei dei egin die ekimen honekin bat egiteko: “Helburua da, laguntza behar duten pertsona guztiengana iristea”. Ildo beretik, alkateak honakoa gogorarazi du: “Ekimen asko antolatu dira, eta horietako asko hiritarrek antolatu dituzte. Eta horiei esker erakundeok iristen ez garen lekutara iritsi dira”. Hortaz, sare horietan lan egiten ari diren pertsona guztiei eskerrak eman dizkie.