Egunero hamar dei inguru jasotzen ditu Parte Zaharreko zaintza sareak
Telefono dei gehienak informazioa eskatzeko eta zaintza sareko kideak egiten ari diren lana eskertzeko izaten direla azaldu dute.
Parte Zaharreko zaintza sarean guztira 62 boluntario batu dira –%64,5 emakumeak dira–, eta laguntza behar duten bizilagunen beharrak asetzeko lanean ari dira. Enkarguak egiteko, zaborra jaisteko, txakurra ateratzeko, haur eta nerabeei ikasketekin laguntzeko, konpainia egiteko, haurrak zaintzeko, solasteko eta, behar izanez gero, osasun aholkuak emateko prest daude.
Oraingoz hamar pertsonak eskatu dute laguntza, eta gehienek enkarguak egin ahal izateko jo dute zaintza sareko kideengana.
Oro har, aurreikusi baino eskaera gutxiago jaso dituztela adierazi du Parte Zaharreko zaintza sareak. Arrazoiak aztertzen ari dira. Batetik, laguntza behar duten bizilagunenga iristeko zailtasunak aipatu dituzte, baina azaldu dute kalez kale joan direla zaintza sarearen berri ematen, eta auzoko denda eta atarietan jarri dituztela informazio orriak. Gainera, Donostiako Udalak eta haren gizarte zerbitzuek zaintza sarearen telefonoa zabaldu dute: “Agian familiak babesten ditu egoera zaurgarrian dauden pertsonak. Eta nabaritu dugu adindun asko ateratzen direla erosketak egitera, agian kalera ateratzeko aitzaki moduan erabiltzen dute”.
Zaintza sareko kideek azaldu dute egin ditugun zerbitzuak oso ondo funtzionatu dutela: “Txukun, segurtasunez eta gertutasunez aritu gara lanean, ez dugu arazorik
izan”.