"Grabatzerakoan ondo pasatzen badugu, bideoan nabaritzen da"
Atzean Zuloa Youtubeko kanaleko aktoreak dira Nerea Aranburu eta Ivan Aizpurua, eta kanalaren hirugarren denboraldian murgilduta daude. Euskarazko umorea sustatzea dute helburu, eta konfinamendu egoera honetan umorea inoiz baino beharrezkoagoa dela uste dute.
Ostiralero bideo berri bat argitaratzen dute Atzean Zuloa Youtubeko euskarazko umorezko kanalean, eta hirugarren denboraldia bukatzear da, bederatzi bideo argitaratu baituzte dagoeneko: Begirale Eternoa, Nostalgikoa, Bertsofilikoa, Kokologista, Gidabaimenik gabea, Egunean Behin frikia, Lo txarrekoa, Azal lodikoa eta Bozgorailu ibiltaria.
Zer moduz doa Atzean Zuloa kanaleko hirugarren denboraldi hau?
Nerea Aranburu (N.A.): Koronabirusaren ondoren egin ditugun bi bideoak kenduta, hiru gelditzen dira denboraldia amaitzeko, eta pozik gaude, orokorrean. Denboraldi berri bat egiteko deitzen diguten bakoitzean, oso pozik jartzen gara. Hiru Damatxorekin lan egitea gozamena da.
Ivan Aizpurua (I.A.): Oso erraza da beraiekin lan egitea. Eurek sortzen dute gidoia, Bagera Euskaltzaleen Elkartearekin batera, eta guri bidaltzen digute. Guk testua ikasten dugu, eta aportazioak ere egin ditzakegu. Grabatzen gauden momentuan, eurek egoera nola planteatzen dute esaten digute, eta hasi egiten gara. Ateratzen denarekin jarraitzen dugu.
Koronabirusak kanalari ere eragin dio?
N.A.: Azkenean, Atzean Zuloan egunerokotasunaren inguruko egoerak eta pertsonaiak ageri dira. Beraz, koronabirusak egun hauean dena jaten duenez, esan ziguten horren harira bi pertsonaia okurritu zitzaizkiela, eta bi bideo egin ditugu [Azal lodikoa eta Bozgorailu ibiltaria].
Etxean grabatu dituzue azken bideo horiek. Zuen kabuz grabatu dituzue?
N.A.: Gure kontu, bai. Ni pisukideekin bizi naiz, beraz, kontatu nienean esan zigutela etxean bideo bat grabatzeko, berehala animatu ziren laguntzera.
I.A.: Nik neska lagunarekin egin nuen, eta oso ondo. Gainera, berak oso ondo harrapatzen du noiz hartzen diodan puntua, beraz, ondo moldatu gara. Beste kontu bat da Hiru Damatxok planteatzen duen estereotipo edo profil hori ondo irudikatzen duzun, ez zaudelako beraiekin. Hala ere, nire kasuan, grabatzerakoan ondo pasatzen ari badugu, bideoan nabaritzen da.
N.A.: Desberdintasuna nabaritzen da etxean egonda. Alde batetik, ez daudelako Hiru Damatxokoak, normalean ematen dizkizuten gidak oso onak izaten baitira. Bestetik, etxean pisukideekin edo neska lagunarekin zaudenez, desberdina da. Nire kasuan, batzuetan okerrago izan da, lotsa gutxiago nuenez normalean baino gehiago harrotu naizelako, baina beste batzuetan, lotsa gutxi horrek gauza onak atera ditu.
Estereotipo horien sorkuntzan parte hartzen duzue?
N.A.: Ivanek, batez ere. Ivanen bideo bakoitzarekin toma faltsuen beste bideo bat argitaratu beharko lukete [barrez].
I.A.: Ideia pilo bat dauzkagu. Pertsonaiak Hiru Damatxokoek eta Bagerakoek pentsatzen dituzte, baina guk ideiak eman genituen. Lehenengo denboraldian ez genuen horretan parte hartu, bigarrenean ideiaren bat bota genuen eta hirugarren honetan hainbat proposamen egin genituen. Sorkuntzaren zati horretan laguntzaileak gara.
Nola prestatzen dituzue zuen pertsonaiak?
N.A.: Ez dago prestakuntza asko. Testua ikasten dugu, Hiru Damatxokoek janzkera aldetik esaten digute zerbait berezia nahi duten, esan diguten lekura joaten gara, eta hasi egiten gara. Atzean Zuloakoak oso bideo informalak dira.
I.A.: Eszenografikoki, ez dute zerbait artistikoa bilatzen, baizik eta pertsona, elementu batzuk eta zer egiten ari den. Horrekin, euren jolasa egiten dute beraiek. Nik testua ahalik eta hoberen ikasi behar dut, gero jolastu ahal izateko. Testua etxean ikasten dut buruz, edo kalera atera gintezkeenean, parke batean paseatzen nuen bitartean.
N.A.: Dokan egin genuen bakarrizketa, hain zuzen, horrela ikasi genuen.
I.A.: Bestalde, pertsonaia batzuk hobeto ateratzen zaizkizu eta beste batzuk okerrago, baina azkenean zure ahotsa da beti.
N.A.: Bai, eta batzuetan pertsonaiekin identifikatuta sentitzen zara, ‘esan duen hau nik noizbait esan izan dut’, pentsatzen duzu.
Hori da zuen pertsonaien bereizgarria, ezta? Agian ez zara guztiekin identifikatuta ikusten, baina ziu norbaitekin gogoratzen zarela bideo bat ikustean.
N.A.: Bai, nik uste dut beti ikusten duzula ezagutzen duzun zerbait.
Atzera begiratuz, zein helbururekin sortu zen kanala?
I.A.: Hori hobeto esango lukete Hiru Damatxokoek edo Bagerakoek, baina uste dut helburua dela euskaldunak euskarazko umorera gerturatzea, baita gazteak euskarara beste era batera gerturatzea ere. Era berean, euskaldunok ditugun etiketak haustea ere dugu helburu.
Zein eboluzio izan du kanalak sortu zenetik hona?
N.A.: Ivan eta nire partetik, uste dut eboluzio positibo bat nabaritu dugula gure erosotasunean. Kanalaren partetik, antzeko jarraitzen dugula uste dut; gaiak aldatu dira, baina formatua berdina da.
I.A.: Hasierakoa oso ondo egon zen, urduri geundelako, baina joan ginen ikusten bideoak dibertigarriak zirela eta jendeari gustatzen zitzaizkiola, horrek jarraitzeko gogora ematen dizu. Nik, pertsonalki, gehien sufritu dudana hirugarren denboraldi hau izan da. Irakasle gisa lanean hasi nintzen, eta nire burua ez zegoen guztiz aske, baina gero gauzak atera dira. Gainera, material asko grabatzen dugu, eta Hiru Damatxokoak artistak dira nahi dutena hartzen eta nahi duten momentuan sartzen.
N.A.: Bai, edizio lana oso garrantzitsua da. Gogoratzen naiz grabatu genuen lehenengo egunean etxera iritsi nintzela ‘a zer nolako kaka egin dudan’ pentsatzen, baina gero bideoak ikusi nituen, eta pentsatu nuen, ‘elegante, edizioak zer egiten duen!’.
I.A.: Bestalde, lehen, Nereak, Kepak [Kepa Matxain, Hiru Damatxoko kidea] eta hiruok elkarrekin grabatzen genituen bideoak, eta Kepa grabatzen zegoen bitartean, guk elkarri laguntzen genion, kameraren atzetik keinuak eginez. Azken denboraldi, honetan, aldiz, gure gauzengatik ezin izan dugu hori hainbeste egin, eta pena da.
Beraz, zuen arteko harremana ere sendotu du kanalak?
I.A.: Bai, Irrikitaldian ezagutu genuen elkar, eta, hortik aurrera, oso gustura egiten dugu lan elkarrekin.
N.A.: Bai, elkar ikusten dugunean ilusio handia egiten digu.
Pantomima Fullen formatua jarraitzen du Atzean Zuloa kanalak. Erreferente gisa dituzue?
I.A.: Nik ez nituen ezagutzen, baina Hiru Damatxokoek esan zidatenean euren formatua jarraituz euskarazko kanal bat egingo genuela, gogoratzen naiz Pantomima Fullen bideo guztiak ikusten hasi nintzela, eta ikaragarri gustatu zitzaizkidan.
N.A.: Nik lehendik ezagutzen nituen, eta asko gustatzen zaizkit. Azkenean, formatua berdina da, baina gurera ekarri dugu euskaraz, eta harro gaude.
I.A.: Duela gutxi joan nintzen Egian egin zuten zuzeneko emanaldira, eta asko gustatu zitzaidan, denbora guztian barrez egon nintzen. Beste artista batzuetaz egiten zuten barre, eta pentsatu nuen, ‘hauek Donostian daude, eta Atzean Zuloaren bideoren bat ikusi badute, gai dira irudiren bat jartzeko eta emanaldian komentatzeko’. Ez zuten egin, baina jarriko balute ondo egongo litzateke, gure bideoak ikusi dituztenaren seinale.
Bizi dugun egoera honetan, umorea inoiz baino beharrezkoa dela uste duzue?
N.A.: Nire ustez bai. Konfinamendu hasieran bideo eta meme mordoa egon ziren eta orain pixka bat baretu da kontua, baina oso beharrezkoa ikusten dut umorea, eta horrelako gauzek alaitu egiten naute.
I.A.: Gauza horiek pixka bat gogaitzen naute, baina saiatzen naiz egunero tarte bat hartzen bidali dizkidatenak batzuk ikusteko. Gauza serioago batzuk estaltzen dituzte batzuetan, baina ondo dago informazioa eta broma tartekatzea.