“Bidelagun rola bururatu zitzaigun ikasleei laguntzeko, eta ikasle ohiei horixe eskaintzea pentsatu genuen”
Laguntza gehigarria behar duten ikasleak nola lagundu pentsatzen ari zirela, ikasle ohiengana jotzea erabaki zuten Axular Lizeokoek, eta jasotako erantzuna oso positiboa izan zen. Hala azaldu du Itziar Redondok, ikastolako Lehen Hezkuntzako koordinatzaileak.
Noiz eta nola bururatu zitzaizuen egitasmo hau?
Ikasleek etxetik lanean hasi behar izan zutenean, konturatu ginen ikasleek zenbait kasutan laguntza gehigarri bat behar zutela, tutoreen eta beste irakasleen jarraipena eta senideen babesa izanda ere. Esaterako, familia batzuetan, gurasoek ez dute hizkuntza menperatzen edo, beste batzuetan, etxetik kanpo lan egiten jarraitu behar dute, seme-alabei laguntzeko aukera izan gabe.
Ikasleei laguntzeko, bidelagun rola etorri zitzaigun burura, eta pentsatu genuen rol hori ikasle ohiei eskaintzea. Hain zuzen. Axularreko Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik batxilergora arteko ikasleei laguntzen dien rola da bidelagunarena.
Harremana egiteko, Axularkide egitasmora jo genuen. Axularreko lehen belaunalditik azkenerainoko ikasle ohiek osatzen dute, eta tarteka informazioa bidali edo egitasmoren bat proposatzen diegu horren bitartez, beraiek parte har dezaten.
Zenbat ikasle ohik eman zuten izena?
Erantzuna oso azkarra izan zen eta 25 ikaslek eman zuten izena.
Adin eta profil desberdinetakoak?
Bai. Badaude duela gutxi ateratakoak, baita gaur egun ikastolako gurasoak direnak ere.
Nola hasi zineten dena antolatzen?
Galdetegi bitartez. Ikasle ohiei galdetu genien ea zein gaitan eta zein adinekoekin uste zuten izango zirela lagungarrien, eta norberak bere burua kokatu zuen. Ikasleei ordu bat edo bi eskaintzeko konpromisoa eskatzen genien eskaeran, telefonoz, Whatsappez edo bideo-dei bitartez. Era berean, Lehen Hezkuntzako bosgarren mailatik Batxilergora arteko familiei galdetu genien ea laguntza osagarria izateko beharra zuten eta zein gaitan. Horien bitartez informazio guztia bildu, eta zuzendaritzatik, orientatzailearen laguntzaz, ikasleen ezaugarriak eta beharrak zeintzuk izan zitezkeen ikusita, esleipenak egin genituen. Guk zubi lana egin dugu, beraz.
Lanak banatu ondoren ondoren, zer?
Tutorea jarri da harremanetan bai ikaslearen gurasoekin baita etxeko laguntzaile izango den pertsonarekin. Bigarren kasuan, kontaktu horrek hiru helburu zeuzkan: tutoreak bere burua aurkeztea, ikaslearen berri ematea eta gurasoen telefonoa edo posta elektronikoa bidaltzea. Eta ikaslearen familiaren kasuan ere helburua hirukoitza zen: lehenik ikaslearen familiarekin hitz egitea baieztatzeko nahi zutela, laguntzailea nor izango zen adieraztea eta beraiekin harremanetan jarriko zela esatea.
Zenbat ikasle ari dira une honetan laguntza jasotzen?
Hogei. Eta inor esleitu ez zaien ikasle ohi boluntarioei ere mezua bidali diegu esanez beraien beharra edukiko dugula aurreikusten dugula hau aurrera badoa.
Badakizue orokorrean zer ari diren erabiltzen batik bat?
Nik esango nuke bideo deiak direla, gertutasun hori azaltzeko hobeak direlako. Bideo-deiak biok dokumentu edo proposamen berdinaren inguruan lan egiteko aukera ematen du pantaila partekatuz. Beraz, badauzka aukerak ikasleak dituen zailtasun edo zalantzei erantzun ahal izateko errazago. Eta gurasoekin kontakturako, ziurrenik, telefonoa.
Axular Lizeoak nolako balorazioa egin du abian jarritako egitasmo honen inguruan?
Egitasmoaren inguruko emaitzarik ez daukagu oraindik. Hasi berriak gara. Egun batzuk barru galdetu beharko diegu nola joan den, baina aurreikusten dugu ondo joango dela, batetik zein bestetik boluntarioa delako.
Noiz arte jarraitzea aurreikusten duzue?
Jendea bere etxetik lanean ari den bitartean iraungo duela uste dugu. Ondoren, ohiko mekanismoak martxan jarriko dira.
Egitasmotik haratago, nola ari zarete moldatzen ikastolan online klaseekin?
Bi astez etxetik lanean jardun ondoren, ikastolako familia guztiei galdetegi batzuk pasa genizkien beraien iritzia jasotzeko eta hobekuntzarako iradokizunak egiteko. Jakin nahi genuen ea familiak babestuta eta asebeteta ari ziren sentitzen ziren, eta beharrei erantzuten ari ginen. Erantzuna baiezkoa izan zen. Era berean, egindako iradokizunekin, hobekuntzak egin ditugu. Nire ustez, erantzuna oso ona izan da guztion aldetik. Irakasleen, zuzendaritzaren, gurasoen eta ikasleen aldetik. Pozik gaude. Uste dugu erronka indartsu bati heldu diogula, eta bide berriak ireki ditugula.
Aste Santuko oporrak nola planteatu dituzue?
Etxean geratu behar garenez, elkarbizitza errazteko baliabideak prestatu ditugu, baina borondatezkoak dira. Zikloka egokitutako hainbat dokumentu egin ditugu horretarako, HH2tik DBHra —Batxilergoan lan proposamen gidatuekin jarraitzen dute batzuk, beste errealitate bat delako —. Gaika antolatutako proposamen bilduma bat egin diegu: musikari lotutakoa, mindfullness eta lasaitasunari lotutakoak, museotara bisita gidatuak, esperimentuak, ingeleseko jolasak… Ikasgai batzuekin lotutako proposamenak baina ikuspegi ireki batetik.
Etxeko lankideen iniziatiba ere lasaituko da?
Bai, hala uste dut. Eta Aste Santutik bueltan, martxan jarriko litzateke berriro hezurdura hori guztia, ikastolara normaltasunez itzuli gaitezkeela esaten diguten arte.