Kirol Txartelaren erabiltzaileei alarma egoerari dagokion kuotaren zati proportzionala itzuliko diete
Koronabirusa dela eta, martxoaren 13tik itxita daude Donostiako Udalaren kirol instalazio guztiak, beraz, erabiltzaileek ezin izan dute haietan kirola egin. Hori dela eta, alarma egoerari dagokion Kirol Txartelaren kuotaren zati proportzionala erabiltzaileei itzultzea erabaki du Donostia Kirolakek. Martin Ibabe Kiroletako zinegotziak azaldu duenez, kirol instalazioak berriz irekitzen dituztenean jakinaraziko diete abonatuei zenbat diru itzuli behar dieten eta zein izango den itzulketa gauzatzeko prozedura.
Bestalde, lauhilekoko ordainketa dutenei ez diete maiatza hasieran egin behar zieten urteko bigarren lauhilekoaren kobrantza egingo. Instalazioak irekitzen dituztenean igorriko diete ordainagiri hori, alarma egoeraren egunak deskontatuta. Maiatzaren 31n bukatzen ziren ikastaroen inguruan ere hitz egin du Ibabek: “Donostia Kirola ekainean galdutako eskolak berreskuratzen saiatuko da, baina hori ezinezkoa balitz, emandako saioen arabera ordaindutako prezioaren zati proportzionala itzuliko litzateke”.
Era berean, udalak jakinarazi du kirol instalazio guztietako langileen lan baldintzak bere horretan mantentzea. Azaldu dutenez, “ahalegin ekonomiko handia izan arren, lehentasun bat da egoera berezi honetan”.
Internet bidezko ikastaroak
Hala ere, udalak gogoratu du konfinamendu egoeran garrantzitsua dela etxean kirola egitea, eta, horretarako, Trainingym aplikazioa sortu dutela. Aplikazio horretan 350 kirol saio birtual daude doan, ikastaroetan izena emanda zuten edo abonatuta dauden herritarrek etxean egin ahal izateko. Horretaz gain, ikastaroetako monitoreak hainbat bideo grabatzen ari dira askotariko kirol ariketak erakutsiz.