"Orain dela hilabete esan izan balidate ergometro bat izango nuela etxean, ‘bai zera!’ esango nuke"
Estitxu Zabala Hernani Arraun Elkarteko arraunlari donostiarra elkarrizketatu dugu, guztiz egoera ezohikoa bizitzen ari baita, etxean entrenatzen.
Kirolarien bizitza ere zeharo aldatu du konfinamenduak, liga asko bertan behera gelditu baitira, eta etxean entrenatzen ari dira. Egoera berrira moldatzen ari dira, eta bideo deiak eginez konektatzen dira batzuetan taldekideak, elkarrekin entrenatzeko. Elkarrizketa osoa asteartean egongo da irakurgai Irutxulo.hitza.eus webgunean, baina bitartean, hemen duzue aurrerapen bat:
Etxean entrenatzen ari zarete?
Bai. Egoera hau hasi zenean, klubeko mutil eta nesken artean materiala banatu genuen, bakoitzak ergometro bat eraman zuen, eta ordutik etxean entrenatzen ari gara. Gainera, ergometroa sekulako trastea da. Orain dela hilabete esan izan balidate ergometro bat izango nuela etxean, ‘bai zera!’ esango nuke.
Gogorra da, kirol honek duen gauzarik politena talde kirol bat dela eta kanpoan egiten duzula da. Azkenean, zure eguneroko familia taldekideak bihurtzen dira. Orain, bakarkako kirol bat da eta ergometroarekin gabiltza, entrenamendutik gutxien gustatzen zaigun partea dela. Gainera, garai honetan uretan entrenatuko genuen, baina etxean entrenatu behar dugu.