Loiola auzoak bere lekua izan du 'Etxe Txiki, Infernu Handi' saio berezian
Herri Txiki Infernu Handi ordez, Etxe Txiki, Infernu Handi saio berezia egin zuten igandean Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak ETB1 kanalean. Denboraldi honetan zehar bisitatu dituzten lekuetaz eta ezagutu dituzten herritarretaz hitz egin zuten, eta Loiolak bere lekua izan zuen saioan.
Ander Edo IRUTXULOKO HITZA-ko kolaboratzaileak parte hartu zuen urtarrilean Loiolan egin zuten saioan, eta harekin hitz egin zuten igandeko saioan ere, bideo dei bidez. Konfinamendua nola daraman kontatu zien Loiolako bizilagunak Pagadi eta Gurrutxagari, etxean dituen instrumentu guztiak erakutsi zizkien eta albokarekin nola entseatzen duen ikusi ahal izan zuten aurkezleek. Amaieran, Edok umorerik falta ez zaiola erakutsi zuen, eta Loiola is different kanta abestu zuen Pagadi eta Gurrutxagarekin. Euskal Telebistaren webgunean dago ikusgai Edok igandeko saio berezian egindako agerraldia.
Iazko urrian ere Donostian egon ziren Pagadi eta Gurrutxaga Herri txiki, infernu handi saioa egiten, Añorga auzoan, hain justu. Añorgako bizilagunen eta auzoaren inguruko hainbat bitxikeria kontatu zituzten saio hartan, eta hedabide honek hainbat irudi bildu zituen grabazioan.