Konfinamenduan zehar poltsa konpostagarrien banaketa indartzeko eskatu du Eguzkik
Herritar bat organikoa botatzen edukiontzi marroira. (Argazkia: Lide Ferreira) Konfinamendua hasi zenean Donostiako kultur etxeak, kiroldegiak eta bestelako udal instalazioak itxi zituztenez, poltsa konpostagarrien banaketa zerbitzua eten egin zuten, instalazio horietan baitaude poltsak ematen dituzten makinak. Hondakinak gaika biltzen dituzte herritarrak, beraz, poltsarik gabe gelditzen ari dira, eta udalak asteburuan jakinarazi zuen konpostagarriak ez diren poltsak erabiliz gero –plastikozkoak, paperezkoak, eta abar–, hodakinak edukiontzi berdera bota behar direla.
Eguzki Talde Ekologistak, ordea, salatu du Donostiako hiri hondakinak biltzeko sistema “desastre” bat dela, hondakin organikoen %15 inguru biltzen baita gaika ondo banatuta soilik. Ekologisten arabera, gaikako bilketa egiten dutenei trabak jartzen badizkiete, “gero askoz zailagoa izango da errekuperatzea”. Horregatik, poltsa konpostagarrien banaketa bermatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Eguzkik udalari, izan ere, “inguruko udalek, Errenteriakoak adibidez, aspaldi hartu zituzten”.
Era berean, hondakinen gaikako bilketan herritarren parte-hartzea jaitsi egin dela uste du Eguzkik, koronabirusarekin kutsatzeko beldurrez, zaborra ateratzeko maiztasuna murriztu dutelako eta hondakin guztiak poltsa berean sartzen ari direlako. Horregatik, konfinamenduan ere hondakinak ondo bereizi daitezkeela azaltzeko, kontzientziazio kanpaina bat egiteko proposatu diote ekologistek udalari.
Bestalde, herritarrei ere kontzientziaz jokatzeko eskatu die Eguzkik, erosketak egiteko erabiltzen diren plastikozko eskularruak lurrera ez botatzeko eskatuz, ez delako ezer kostatzen eskularruak zakarrontzira botatzea, eta horrek ez duelako koronabirusarekin kutsatzeko arriskua handitzen.


