Donostian ez da koronabirus kasu berririk zenbatu igandetik astelehenera bitartean
Osakidetzaren datuen arabera, positibo kasuak ez dira igo hirian: kutsatutako donostiarrak 564 dira. Bestalde, Gipuzkoan hemeretzi kasu berri zenbatu dira. Duela hiru egun, 554 pertsona ziren koronabirusarekin gaixotutakoak, eta duela lau, berriz, 530.
Osakidetzak atzo, astelehena, 20:00ak arte bildutako datuen arabera, Donostian 564 dira koronabirusak kutsatutako herritarrak. Igandetik astelehenera bitartean, hortaz, ez da COVID-19 kasurik egon Donostiako osasun eremuetan. Lehenengo aldiz gertatu da, alarma egoeran Donostian horrelakorik gertatu dela. Duela hiru egun, koronabirusarekin kutsatutako 554 bizilagun donostiar zeuden, duela lau 530, eta duela bost, berriz, 320.
Bestalde, Gipuzkoako ospitaleetan hemeretzi kasu berri zenbatu dira. Donostiako ospitalean 26 pertsona ospitaleratu daude ZIUn, 77 solairuetan, eta pertsona batek alta jaso du.
Beste udalerri batzuetan kutsatzea ez da gelditu. Kasu kopuru handienetik txikienera ordenatuta, Gasteiz da positibo gehien dituen EAEko udalerria 2.726 kasurekin. Ondoren, Bilbo, 2.306 kasurekin, hirugarren, Barakaldo, 664 kasurekin, eta laugarren, Donostia, 564 kasurekin.
Erkidegoko osasun eremuen araberako zerrendatzea ikusita, hala banatu dira kutsatzeak Donostiako osasun eremuetan:
- Altza-Roteta: 129
- Ondarreta: 108
- Amara Berri: 76
- Gros: 66
- Amara-Erdialdea: 35
- Egia: 35
- Parte Zaharra: 31
- Intxaurrondo: 23
- Loiola: 19
- Bidebieta: 17