“Ikusita kultura sektore profesionalak bat egin duela grebarekin, babesa emateko aukera zela iruditzen zitzaigun”
Ane Gaztelumendi Eskola Dantza Taldeko emanaldien arduraduna eta dantzaria da. Elkarteko dantzariak profesionalak ez badira ere, grebarekin bat egitea erabaki dute.
Eskola Dantza Talde bezala, zergatik iruditu zaizue garrantzitsua greba honetara atxikitzea?
Gu amateurrak gara, eta profesionalki inor ez da honetaz bizi. Ikusita kultura sektore profesionalak ere bat egin duela grebarekin, babesa emateko aukera zela iruditzen zitzaigun. Beraz, gure kasuan, greba sinboliko bat da.
Nola eragin dizue berrogeialdiak kultur eragile bezala?
Eskola Dantza Taldeko finantzazio iturri nagusietako bat, beste elkarte batzuen kasuan bezala, ezkontzak dira. Guk, orain, ez genituen asko, baina dagoeneko hiru atzeratu dira. Emanaldiak ere bertan behera geratu dira. Eta dena zalantzan dago. Esaterako, San Juanetan, San Juan suko soka dantza izaten dugu eta ez gara oraindik negoziaziotan sartu, baina ulertzen dugu bertan behera geratzen dela. Aste Nagusiari dagokionez, Donostia Kultura gurekin jarri da kontaktuan urteroko programa jarraituz, baina ez dakigu zer gertatuko den. Egia da guk, dantzariok, ez dugula kobratzen. Baina elkarte bezala kostu batzuk ditugu eta, une honetan, ez dago diru sarrerarik.
Horrez gain, dantzariok asko nabaritu genuen gelditu behar izatea, batik bat lehenengo asteetan. Astean lau ordu eta erdiz aritzen gara dantzan eta gorputz osotik mina genuen. Irakaslearekin hitz egin genuen eta, geroztik, egunero-egunero 45 minutuz aritzen gara dantzan indarra, mugikortasuna eta malgutasuna ez galtzeko. Jarduerak martxan jartzen diren unerako prest egon behar dugu fisikoki.
Elkarte bezala emanaldiak debalde egiteko proposamenak jaso dituzue itxialdi egoeran?
Ez. Baina normalean bai jasotzen ditugula eta, horregatik, jasoko bagenu, ez genuke zuzenean lortuko berrogeialdiko zerbaitekin. Nolabait ohituta gaude.
Nola ari zara ikusten erakundeetatik kultura arloari eta, zehazki, dantza arloari lotuta proposatzen dituzten neurriak?
Ahalik eta erabakirik onenak hartzen ari direla uste dut, baina informazio falta izugarria da. Denbora perspektibarik ez dago eta jakin izan bagenu hasieran berrogeialdia ez zela hamabost egunekoa izango, bi hilabetekoa baizik, erabakiak beste batzuk izango zirela uste dut. Egia da guri erakunde bezala ez digutela eragiten zuzenean. Profesionalki honetan aritzen direnek amorrua sentitzea ere normala iruditzen zait.
Berrogeialdia amaituta, nola aurreikusten duzue zuen etorkizuna dantza talde bezala?
Ez dakit oso ondo zer erantzun horri. Azken batean, berrogeialdia amaitzean, ez gara itzuliko itxialdi aurreko egoerara. Ez dakigu Aste Nagusirik egongo den, ez dakigu Euskal Jaiak egongo diren. Baina ez da guk ez dakigula; inork ez daki hori aurrera eramateko gai izango garen. Beraz, ekonomikoki zaila izango dela aurreikusten dut.