"Itxialdia errazagoa izan dadin laguntzen dugu, baina ez zaigu asko kontuan hartzen"
Niña Coyote eta Chico Tornadok bat egin dute euskal kulturgintza gaur eta bihar egiten ari den grebarekin. Entzun ditzaten isiltzea erabaki dute. Arrazoiak anitzak dira, taldeko Usua de la Fuentek —Niña Coyotek— azaldu duenez.
Zergatik iruditu zaizue garrantzitsua greba honetara atxikitzea?
Denon eguneroko bizitzan, kultura oso presente dago eta are gehiago itxialdia hasi zenetik, filmak ikusi, musika entzun edo irakurtzeko denbora gehiago dugulako. Baina, aldi berean, kolpe izugarria hartzen ari den eta hartuko duen sektore bat da. Beraz, atxikiz ikusarazi nahi dugu hemen gaudela. Nolabait itxialdia errazagoa izan dadin laguntzen dugu, baina ez zaigu asko kontuan hartzen, kapitalismoaren ikuspegitik ez baikara oso sektore produktiboa.
Nola eragin dizue berrogeialdiak kultur sortzaile bezala?
Alarma egoera hasi zen asteburuan Galizian genuen kontzertua eta apirila hasieran, 9tik 19ra, Australiara gindoazen, bolo batzuk genituelako han. Apirila amaieran, Lazkaoko jaietan eta Malagako festibal batean jo behar genuen. Eta, hortik, maiatzean astebururo genuen kontzertua eta udan ere alde batetik bestera ibili behar ginen. Urtarriletik martxora, gainera, geldialdi bat egitea erabaki genuen, ia kontzerturik ez ematea. Eta, antza denez, geldialdia luzatuko zaigu. Azken batean, itxialdia amaitu ondoren ere, jende asko toki bakar batean biltzeko debekua asko luzatuko dela dirudi. Musikari ikuspegitik, gure diru-sarrera nagusia kontzertuak dira. Zuzeneko emanaldirik ez badago, oso zaila da bizimodua mantendu eta dirua irabazten jarraitzea.
Momentuz, noiz arte geratu zaizkizue bertan behera kontzertuak?
Maiatzean genituen kontzertu asko urria eta azarora pasa dira. Festibal askok data berri bat dute, baina ez dakigu hori mantenduko den eta ea ordurako utziko dituzten hain festibal handiak egiten.
Emanaldiak debalde egiteko proposamenak jaso dituzue?
Ez. Baina egia da itxialdia hasi eta bigarren asteburuan kontzertu bat eskaini genuela sareetan. Hori, dena dela, guk antolatu genuen, plataforma batetara atxiki gabe.
Nola ari zara bizitzen erakundeetatik proposatzen dituzten neurriak?
Horri erantzuteko oraindik goiz iruditzen zait, inork ez dakielako zein punturaino iritsiko den egoera guzti hau. Nire pertzepzioa da kaos handia dagoela. Laguntzak emango dituztela diote, baina oraindik ezin dira eskatu. Baina esan bezala, balorazioak egiteko goiz dela iruditzen zait.
Berrogeialdia amaituta, nola aurreikusten duzu zure etorkizuna kultur sortzaile bezala?
Guk ez dugu planteatzen taldea horrela uztea, ezta gutxiago ere. Baina uste dut garai berritara egokitzea tokatuko zaigula. Ez dakit nolakoak izango diren eta ez naiz ausartzen aurreikuspen bat egitera.