Koronabirusak kaltetutako ostalari eta merkatari txikiak laguntzeko diru-laguntzak emango ditu udalak
Eneko Goia Donostiako alkateak eta Marisol Garmendia bigarren alkateordeak agerraldia egin dute eguerdian, udalaren egoera ekonomikoaren berri emateko. Udalak gehiago gastatu beharko duela eta diru sarrera gutxiago izango dituela azaldu du Goiak, eta, beraz, 70 milioi euroko eragin negatiboa jasango duela, gutxienez.
2020ko aurrekontuak “zaharkituta” gelditu direla adierazi du alkateak, izan ere, “gauza asko ezingo dira egin, beharrezkoak diren gauzak egiteko”. Ildo horretatik, bi arlotan jarriko dute indarra, bereziki: Gizarte Ekintzako aurrekontuetan eta koronabirusak hiriko jarduera ekonomikoan eragindako zailtasunei aurre egitean. Era berean, egoera honetatik ateratzeko, herritar guztien babesa beharrezkoa dela nabarmendu du Goiak.
Hiriko saltoki txikiak eta ostalariak dira egoera honekin kaltetuenetako batzuk, eta, horregatik, haientzako plan ekonomiko bat prestatu du udalak Donostia Sustapenarekin elkarlanean. Garmendiak azaldu duenez, 2,6 milioi euroko aurrekontua du planak, eta aurrekontuaren zati bat –ez dute zehaztu zenbat– behar duten merkatariak eta ostalariak laguntzeko erabiliko dute, gastu finkoak eta bestelakoak ordaindu ditzaten. Hain zuzen, Garmendiaren arabera, establezimendu horietako lanpostuak eta euren bizi kalitatea mantentzea du helburu planak, egoera honen aurrean ahulenak diren pertsonak direlako udalaren lehentasuna.
Hiru establezimendu motari emango dizkiote aipatu laguntzak: hamar langile baino gutxiago dituztenei; langabezia tasa altuena duten auzoetakoei, hau da, Ekialdeko Barrutikoei eta Egia, Loiola eta Martutenekoei; eta emakume ekintzaileen eskuetan daudenei, egoera zaurgarriagoan egon daitezkeelako. Astelehenean, hilaren 27an, abiaraziko dute plana (9:00etan), eta diru-laguntzak jaso nahi dituztenek Donostia Sustapenaren webgunearen bidez, ahalbidetuko duten txat birtual baten bidez edo telefonoz egin ahal izango dituzte eskaerak. Astebeteko epea egongo da eskaerak egin ahal izateko, eta aipatu baldintzak betetzen dituzten guztiek jasoko dute laguntza minimo bat. Era berean, Garmendiak azaldu du laguntza horiek emateko prozesu burokratikoa arintzen saiatuko direla, hogei bat egunean eskaera tramitatu eta dirua eman ahal izateko.
Ondorengo faseak
Hiriko merkatari eta ostalari txikiak laguntzeaz gain, beste hainbat egitasmo ere abiaraziko dituzte hurrengo faseetan. Alde batetik, donostiarren ekimenak biltzeko Internet plataforma bat irekiko dute, herritarrek Internet bidezko salmenta proiektu guztiak eta saltoki txikiekin zerikusia duten egitasmo guztiak plataforma berean eskuragarri izateko. “Amazon donostiar baten modukoa izango da”, adierazi du Garmendiak. Horrela, jarduera ekonomikoa berpiztea espero du udalak.
Bestalde, kontsumo bonuak sortuko dituztela azaldu du Garmendiak, koronabirusaren ondoren, kontsumoa berraktibatzeko. Donostiar orok eskuratu ahal izango ditu bonu horiek prezio jakin batean, eta udalak bonu horien balioa hirukoiztuko du, neurriak indarrean jarraitzen duen bitartean –agian, 2021eko martxoara arte izan daitekeela esan du alkateordeak–, horrela herritarren kontsumo ahalmena handituz.
Azkenik, Internet bidezko formakuntza indartuko dutela adierazi du Garmendiak, ostalari eta merkatari txikietat eta langabezian daudenentzat, bereziki. Euren formazioa eguneratzea du helburu egitasmo horrek, ondoren lana aurkitzea errazagoa izan dadin beraientzat. Ildo beretik, alkateordearen arabera, 45 urtetik gorako langabetuen eta zaurgarritasun egoeran dauden emakumeen kontratazioa sustatzen jarraituko du udalak.