“Kulturak duen presentzia eta garrantzia ikus dadin, itzali egin gara eta aditzera emango dugu”
Euskal kulturgintza greban dago. Ikusi gaitzazuen desagertuko gara, entzun gaitzazuen isilduko gara lelopean, greba digitala egingo dute gaur eta bihar. 1000 atxikimendu inguru jaso ditu deialdiak. Kattalin Ansorena pailazoak, Txirri, Mirri eta Txiribiton taldeko kideak, bat egin du deialdiarekin.

Zergatik iruditu zaizu garrantzitsua greba honetara atxikitzea?
Alde batetik, sektore guztiari elkartasuna adierazteko. Gu ez gaude egoera okerrenean, ez baikara honetan bakarrik aritzen eta norberak bere lana duelako. Baina egoera larria dela iruditzen zaigu, eta oso sektore kaltetua izango dela, batez ere, etorkizunean. Gauza bat da hilabete batean lanik ez egitea, eta beste bat epe hori asko luzatzea. Agian zenbaitek beste ogibide bat bilatu beharko dute. Ez dakigu zein toki geldituko zaion kulturari. Bestetik, kulturaren garrantzia ikusaraztea ere garrantzitsua dela uste dut. Ziurrenik, Jendeak badaki inportantea dela, baina uste dut hori goraipatzea ere ezinbestekoa dela une honetan.
Zer aldarrikatzen duzue zehazki greba honen bitartez?
Jendearen eguneroko bizitzan kulturak duen presentzia eta garrantzia ikus dadin, itzali egin gara eta aditzera eman dugu. Kontua da orain, nahiz eta aurrez aurreko kultura ekitaldirik ez egon, sareetan, arlo guztietako artistak eta kultura arloko eragileak lanean ari direla. Lan hori entzule eta ikusleei eskaintzen zaie, borondate onenarekin gainera, eta sortzaileak ezin duelako sortze prozesua eten, bere barruan daraman zerbait baita. Gainera, etorkizunean sortu ahal izateko ere, sortzen jarraitu behar du egun, praktika kontu bat ere baita. Hori nolabait ikusteko aukera izan dugu egun hauetan, lanean jarraitzen baitute eta eskaintza bat egiten. Baina egia da ez dutela inongo etekin ekonomikorik ateratzen. Eta hori aldarrikatzea ezinbestekoa iruditzen zait.
Nola eragin dizu berrogeialdiak kulturgile bezala?
Eragin txikia izan du guregan, ez ditugulako saio asko egiten. Urtean 30 bat egingo ditugu, gutxi gora behera, eta talde txikia gara. Badakigu urterako hitzartuta genituen hiru saiotatik bat dagoeneko bertan behera gelditu dela eta beste biak ere, ziurrenik, ez direla egingo. Horrez gain, ondorio ekonomikoak ere ekarri dizkigu. Halako talde bat izateko, egitura ekonomiko txiki bat behar duzu eta gastu batzuk daude. Horiek ordaintzen jarraitu behar dugu. Langile bat ere badugu, eta berari ere ordaintzen diogu oraindik.
Emanaldiak debalde egiteko proposamenak jaso dituzue?
Egia esan, guri, zehazki, ez digute halakorik eskatu. Familia edo lagun batzuk eskatu digute bideo edo audioren bat bidaltzeko eta horiei saiatu gara erantzuten modu pertsonalean, lagunak direlako, nahi dugulako eta gustatzen zaigulako horrelako gauza txikitxoak egitea. Baina ez digute eskakizun handirik egin
Erakundeetatik proposatzen dituzten neurriekin bat zatoz?
Neurri guztiak zeintzuk diren ez ditut ezagutzen, eta ez dakit esaten bat natorren edo ez. Egia da egoera honetan arlo guztiak begiratu behar direla eta guk kulturari begiratzen diogula gurea delako. Baina ez dut jakin nahi zein zaila izan behar duen arlo guztiak kontutan hartzea, bakoitzaren garrantzia mailakatzea eta abar. Ez naiz gai sentitzen esateko ea bat natorren edo ez.
Berrogeialdia amaituta, nola aurreikusten duzu zure etorkizuna kulturgile bezala?
Une honetan horri buruz hausnartzen ari gara. Bira bat estreinatzea aurreikusten genuen udazkenean, gutxi gora behera urrian. Printzipioz, aurrera egingo dugu ideiarekin. Une honetan gidoia lantzen ari gara eta gabonetarako ere erreserba batzuk ditugu. Gure asmoa, beraz, pailazogintza egiten jarraitzea da. Baina antzerkia online egitea ez dugu planteatu. Alternatiba, beraz, geldiune bat egitea litzateke, gauzak hobetzen hasten direnean indar gehiagorekin itzultzeko. Gainera, gure taldeak 50 urte beteko ditu bi urte barru, eta ospakizun berezia egin nahiko genuke, eta etenaldiak ospakizuna indarrez hartzen lagun gaitzake.