Mehatxuak jaso dituztela salatu dute Benta Berriko maizterrek
Kaleratzeak Stop plataformak eta Alokairu Benta Berriko bizilagunen elkarteak salatu dute auzoko maizterrak mehatxuak jasotzen ari direla Testa Socimi-Blackstone funtsarengandik, hilabeteko kuota ordaindu dezaten –koronabirusaren krisia dela eta, kuota ordaindu ezinean dabiltza bizilagunak–. Babes ofizialeko etxebizitzetako 510 maizter dira ustez mehatxuak jasotzen ari direnak. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak sustatutako etxebizitzak dira horiek aipatu funtsak bereganatu zituen, eta bizilagunen egoera ezbaian dago ordutik, zortzi urte barru etxebizitza horietako alokairua nahieran igo ahal izango baitute.
Funtsak “modu mafioso eta sarraskijalean” jokatu duela salatu dute Kaleratzeak Stopek eta Alokairuk, eta euren arabera, mehatxu nagusiak etxegabetze eskaria egingo dutela eta berankortasun fitxategietan sartuko dituztela izan dira. Aipatu elkarteek azaldu dutenez, maizterrek funtsari jakinarazi diote alokairuak ez ordaintzeko baimena ematen dien dekretua betetzen dutela. Salatzaileen arabera, ordea, funtsak ez du inolako sentsibilitaterik adierazi maizterrekiko. Horregatik, Testa Socimi-Blackstone funtsaren jokaeraren berri emango dietela Donostiako Udalari eta Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzari.
Beldurtzeko asmorik ez
Testa Socimi-Blackstone funtsak Berria egunkariari azaldu dionaren arabera, maizterrei bidalitako gutunak ez dituzte beldurra sartzeko asmoarekin idatzi, zorra gogorarazteko eta hori ez ordaintzeak dakartzan lege ondorioak gogorarazteko asmoarekin baizik. Era berean, adierazi dute maizterrak enpresarekin harremanetan jar daitezkeela, “komenigarria den laguntza programara bideratzeko”. Bestalde, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri direla ere azaldu dute, eta euren webgunean esteka bat jarriko dutela, maizterrek laguntza eskatu dezaten.