"Mezua duela sei hilabete berdina zen, baina egoera ez da berdina"
Loaldi txar batean otu zitzaion Joxerra Garziari The Beatles taldearen 'Let it be' ospetsua euskaratzea. Bere lagun Kike Amonarrizi bidali zionean ez zuen imajinatu sei hilabete beranduago, bizi dugun egoera berezia dela eta, sare sozialetan horrenbeste hedatuko zenik.
Komunikazioan aritua dela esan ohi du Joxerra Garziak (Legazpi, Gipuzkoa, 1953). EHUko irakasle izan da Komunikazio fakultatean, orain dela gutxi arte, eta askorentzat bertsolaritzari egindako ekapenagatik da ezaguna. Donostian bizi da Garzia, eta jubilatuta egon arren, ez da geldirik egoten. Musika ere oso maitea du, gitarrarekin bere gustoko kantuak abestea. Duela sei hilabete inguru loezinean zegoela etorri zitzaion inspirazioa, John Lennon eta Paul Mcartneyk duela 50 urte baino gehiago idatzitako Let it be abestia euskaratzeko. Bere lagun Kike Amonarrizek larunbatean hots egin zion, letra berriro irakurri zuela, eta egungo konfinamendu garai hauetarako egina dirudiela esanez. Sare sozialen bidez partekatzeko baimena eman zion, eta izandako harrerak harritu egin ditu biak.
Nola bururatu zitzaizun abestia itzultzea?
Etxean beti ibiltzen gara abesti eta musika giroan, eta bereziki Beatles zaleak gara. Nik 16 urte nituela publikatu zen Let it be, eta geroztik ezagutzen dut abestia. Hala ere, kasu honetan, itzulpena ez zen musika girotik sortu. Lo txarreko gau batean burura etorri zitzaidan, iraila aldean. Goizeko bostak aldera esnatu nintzen, abestia buruan nuela, eta let it be ordez ez etsi izan zitekeela bururatu zitzaidan. Hortik aurrera ez nuen batere lorik egin. Tarteka jaikitzen nintzen, buruz nekizkien estrofak itzultzeko, eta goizeko bederatzietarako prestatuta neukan.
Pozik geratu nintzen emaitzarekin, eta ingurukoei eta lagunei testua bidali nien, besterik gabe. Gehien harritu ninduena zera izan zen: hainbeste aldiz gustora kantatutako abesti honen mezu nagusia lagun bat kontsolatzea dela. Ordura arte erreparatu gabe nengoen. Nik egindakoa ez da hitzez hitzezko itzulpena, baina tira. Bidali nien lagun horietako bat Kike Amonarriz izan zen, eta aurreko larunbatean deitu zidan, bizitzen ari garen egoerarako oso aproposa zela esanez, eta partekatzeko baimena eskatuz. Esan nion: “nik ez badut ezer egin behar, aurrera” [barrez]. Erantzuna ikusita, ni abestera animatuko ote nintzen galdetu zidan. Sukaldean kitarrarekin grabatu eta bidali egin nion.
Nola jaso duzu arrakasta hau?
Sekulakoa izan da erantzuna. Ez nuen espero horrenbesteko zurrunbiloa sortuko zenik. Deiak eta mezuak jasotzen ari naiz, zoriontzeko eta eskerrak emateko. Norbaitek letra honekin zerbait profesionala egin nahiez gero, niregatik libre. Baina agian Lennon eta McCartneyrenekin adostu beharko du [barrez].
Ni, gainera, ez nago sare sozialetan oso sartuta. Bere garaian, jubilatu nintzenean, ikasle baten laguntzaz blog bat eta horri lotutako Twitter kontu bat ireki nuen, baina alde batera utzi nuen, hori elikatzeak eskatzen zuen lanagatik. Kike bera ere harrituta geratu da, ez baita ohikoa horrenbeste hedatzea.
Zer dela eta uste duzu izan duela horrenbesteko entzutea?
Mezua duela sei hilabete berdina zen, baina egoera ez da berdina. Hori da nire ustez gako nagusia. Oratoriaren inguruan galdetzen didatenean, aipatu ohu dut dena ez dela teknika. Mezu batek momentuko egoerara zerbait mamitsua ekartzen badu, mezu horrek ez du ikaragarrizko fintasun formala behar. Kantu hau ez nuen egoera honetarako propio idatzi, baina egoerara ondo egokitu da. Bestetik, jendea denbora pasa bila dabil. Konfinatuta egongo ez bagina, agian ez luke horrenbeste jendek irakurriko.
Honakoa ez da ingelesetik euskarara itzuli duzun lehenengo abestia
Ez. Itzultzaileei beti izan diet errespetu eta miresmen handia. Hala ere, oso esker txarreko ofizioa dela iruditzen zait, nahiz eta oso beharrezkoa izan. Ez dut bereziki gustokoa lan hori, baina kutunekoak ditudan kantuak euskaraz gustora abesteko balio dit. Gazteleratik ere itzuli izan dut baten bat. Hala ere, ez dauzkat itzulpen askorik. Hunkitu nauten abesti batzuk besterik ez ditut itzuli. Niretzako jolas pribatua da, etxean kantatzeko. Askotan ihesbide moduan balio du kitarra anplifikadorean konektatu, eta pare bat orduz kantu kutunak abesten aritzeak.
Honekin lotuta, Franco hil zen urtearen inguruan, 1975. urte inguruan, kantu eta itzulpen oso onak egiten ziren. Garai hartako jendea batzen garenean, bakoitzak bere kuadrillan kantu pribatu eta ezezagunak zituztela konturatzen naiz. Beti pentsatu izan dut ideia ona izango litzatekeela horiek biltzea, eta grabatu gabeko kantutegi bat sortzea.
Euskaraldia Etxetik dinamika abian jarri da. Parte hartzeko asmoa duzu?
Ez. Euskaraldia neuk jarritako izena da, eta ekimenaren alde nago. Aurrerapauso handia da euskararekiko jarrerak hobetzeko kanpainak egitetik euskararen erabilera sustatzeko kanpainak egitera pasatzea. Iaz oso ondo atera zen, eta komunikazioak zerikusi handia izan zuen horretan. Horren ondorioz, esango nuke “Euskaraldia” marka sortu zela, sendo sortu ere, marka argi eta garbi bat, joku handia eman dezakeena. Baina horretarako ezinbestekoa da orain arteko estrategiaren ildotik jarraitzea, unean uneko burutazio ustez pindartsuetan desbideratu gabe. Eta horixe iruditzen zait Euskaraldia Itxialdiarekin lotzea. Ez dakit zer erantzun izango duen une honetan, baina luzarora Euskaraldiaren kalterako izango dela iruditzen zait.
Nola bizitzen ari zara konfinamendua?
Ahal den neurrian, ondo. Inguruan ez daukagu kasu txarrik, eta egia esan ni oso lanpetua nenbilen bolara batean harrapatu ninduen egoera guzti honek. Alde horretatik ondo etorriko zitzaidala pentsatu nuen, aurreratzeko dauzkadanak egiteko. Hala ere, egia da ez dela erraza sormen lanean kontzentratzea egoera honetan, Whatsappa etengabe kantari dabilela. Beti topatzen dut lanean hasi baino lehen beste lan mekaniko errazagoren bat.
Euskal sortzaileentzat greba egunak dira gaur eta bihar. Zer eragin izango du egoera honek kulturan?
Eragin handia izango du kulturan eta sorkuntzan, baita beste hainbat sektoreetan ere; ostalaritzan, esaterako. Nik uste beharrezkoa dela greba hau, eta guztiz bat egiten dut honekin, bai egitasmoarekin, eta bereziki kausarekin. Politikari askori ahoa betetzen zaie kulturarekin, diskurtsoan kultura “gure oinarria” dela esaten dute, baina estutasun egoeretan lehenengo baztertzen dena kultura izaten da. Aspaldi idatzi nuen Argian artikulu bat honen harira, eta tituluak hala zioen: K + K = KK. Hau da: Kultura + krisia = kaka. Orain berdina gertatzen ari da, eta ez dakit nori dagokion honi soluzio bat ematea. Egia esan, ez naiz oso baikorra ekimenak izango duen eraginaz, baina egin beharrekoa dela iruditzen zait.
"Ez etsi" (Let it be)
— Kike Amonarriz (@KikeAmonarriz) April 19, 2020
Bart txiokatu nuen Joxerra Garziak egindako The Beatles-en abestiaren itzulpen-moldaketa.
Asko zabaldu dela Ikusita, hona Joxerrak berak (@EzaBatzen) kantatuta! Animatu eta zuek ere sareratu #EzEtsi!
Oharra: Letran aldaketa bat egin da. Ikus haria. pic.twitter.com/8uZlMu0nPk