Udalaren plan ekonomikoak hiriko eredu ekonomikoa birplanteatzen ez duela salatu EH Bilduk
EH Bilduk kritikatu egin du Eneko Goia alkateak eta Marisol Garmendia bigarren alkateordeak eguerdian aurkeztu duten plan ekonomikoa, “ez delako inongo aipamenik egin hiriko hazkunde ekonomikorako beste eredu baten beharraz”. Izan ere, EH Bilduren arabera, Donostian asko nabarituko da koronabirusak eragindako krisi ekonomikoa, hiriko egitura ekonomikoak turismoarekiko mendekotasun handia duelako.
Ildo horretatik, Donostiako langabezia tasa %11,5 dela nabarmendu dute, Gipuzkoakoa eta EAEkoa gaindituz. EH Bilduren arabera, lanik gabe daudenen %56 ostalaritzako langileak dira, eta langabezia tasa hori are gehiago handitzea aurreikusten du udal gobernuak, bereziki emakumeei eta 45 urtetik gorako pertsonei kaltetuz.
EAJk eta PSE-EEk osatutako udal gobernuak merkataritza gune handiak bultzatzea eta turismoa hiriko “ekonomiaren motorra” bihurtu izana salatu du oposizioko alderdiak, eta nabarmendu du COVID-19 birusaren pandemiak agerian utzi duela turismoare sektorea “oso lurrunkorra” dela. Horregatik, autokritikarik egin ez izana gaitzetsi du EH Bilduk: “Zoritxarrez, gaur ikusi dugu udal gobernuak, autokritika egin beharrean, hiri eredu berarekin jarraitu nahi duela”.
Laguntza gehiagoren beharra
EH Bilduren arabera, eurek egindako proposamen batzuk aintzat hartu ditu udal gobernuak bere plan ekonomikoan, hala nola, herritarrek eta saltoki txikiek Internet bidez salmentak egin ahal izan ditzaten banaketa plataforma bat sortzea. “Baikortasunez” ikusi dute hori oposiziokoek. Ordea, saltoki txikiei udal tasak ez ordainarazteko konpromisorik hartu ez dutela salatu dute.
Bestalde, plan ekonomiko osoa gauzatzeko aurrekontua 2,6 milioi eurokoa dela azaldu du eguerdian udal gobernuak, baina ez dute zehaztu neurri bakoitzerako zenbat diru bideratuko duten. EH Bilduren arabera, ordea, 1,5 milioi euro bideratuko ditu udalak saltoki eta ostalaritza establezimendu txikiei laguntzeko. Azaldu dutenez, 2.200 laguntza eskaera jasotzea aurreikusten du udal gobernuak, beraz, bakoitzari 681 euro egokituko zaizkio. Horregatik, diru-laguntzak emateko inolako baremaziorik ez egitea eta “tarifa finko” moduko bat erabiltzea salatu du EH Bilduk, euren ustez, diru kopuru hori ez baita nahikoa. Hala ere, osasun krisiari eta ondorengo krisi ekonomikoari aurre egiteko “kooperatzeko borondatea” dutela azpimarratu du EH Bilduk.