Auzitegi Nazionala 'herriko tabernen' kontuak enbargatzen hasi da
Duela bost urte ateratako epaia gauzatzen hasi da egun hauetan auzitegia eta dagoeneko hainbat taberna eta elkarteren kontu korronteak bahitu ditu.
Herriko tabernen auziko epaia gauzatzen hasi da egun hauetan Espainiako Auzitegi Nazionala, hainbat elkarte eta tabernen kontu korronteak bahituz. Hala jakinarazi du gaur Sortuk ohar baten bitartez.
Espainiako auzitegi gorenak 2014an eman zuen 35/02 sumarioko sententzia. Honetan, besteak beste, “ETAren egitura” finantzatzea egotzita, 103 taberna konfiskatzea agindu zuen. 2015eko ekainean, Gorenak ia-ia berretsi egin zuen Auzitegi Nazionalak emandako epaia, 101 taberna konfiskatzea aginduz. Gorenak sententzia jakinarazi ondoren, tabernak itxi eta enkantean aterako zirela zabaldu zuen Efe agentziak Justizia Ministerioko iturriak aipatuz, eta ateratako dirua “[Espainiako] Estatuaren mesedetan” erabiliko zela. Geroztik, prozesua geldituta egon da.
Auziaren sententziak zigortutako herriko tabernen artean Donostiako hiru daude: Herria (Parte Zaharra), Loiolako Hontza (Loiola) eta Txalaka. Bestalde, Intxaurrondoko Zulo Zahar, Parte Zaharreko Aizkora, Antiguako Antiguotarrak eta Amara Berriko Ilunbe absolbitu zituen, beste hamaika taberna eta elkarterekin batera.
Sortuk egoera salatu du
Ateratako oharrean, Sortuk esan du “epai hau ezker abertzalearen eta Euskal Herriaren aurkako lapurreta erraldoi bat” dela. Horri lotuta, berretsi du “ezker abertzaleak eta euskal gizarteak aspaldi adierazi zuten iraganeko ziklo politikoa gainditu eta Euskal Herrian bakearen eta askatasunaren bidean aurrera egitea ahalbidetuko duen eszenatoki politiko berri baten aldeko konpromisoa”. Aldiz, Espainiako Estatuaren “autoritarismoa” salatu du. Era berean adierazi du ez dela “isilik” geldituko adierazi du. “Euskal Herriaren askapen prozesuan urrats sendoak egin ditugu azken urteetan, eta norabide horretan borrokan segituko dugu”.