Egurrezko parke bat eraikiko dute Añorgan
Eneko Sierra eta Maddi del Campo gazteak Añorgako Kultur eta Kirol Elkartearekin elkarlanean ari dira auzoan Naturaren Parkea egurrezko parkea eraikitzeko. Auzoko haurrekin sortu nahi dute, euren behar eta gustuei erantzuteko, eta proiektuaren diseinuan nerabe eta gazteak ere inplikatu nahi dira.
Hain zuzen ere, Añorgako gaztetxoek parte hartze murritza izaten ari omen dira Añorgako Kultur eta Kirol Elkarteko 100. urteurrenean. Hori dela eta, egitasmo honetan bere inplikazioa bilatuz, auzoarekiko “konpromiso” eta “atxikimendua” izan dezaten lortu nahi da.
Hiru fasetan egingo da parkea: lehenik, nerabeak erabiltzaile diren haurrengana gerturatuko dira zertan jolasten ari diren eta euren gustuak ezagutzeko; bigarrenik, jasotako informazioarekin, gazteek parkea diseinatuko dute; azkenik, diseinu horretatik abiatuta, auzolanean eraikiko da parkea. Horretarako, (H)Aritu proiektuaren laguntza ere izango dute.
Parkea MartxUP! egitasmoaren hirugarren edizioaren baitan egingo den lau proiektuetako bat da. Programa honek gazte donostiarren proiektuak bultzatzen ditu, saretze prozesuen bitartez. Era berean, proiektua Añorgako Kirol eta Kultur Elkartearen Dabilen Herria egitasmoaren baitan garatzen ari da.