14 urte bitarteko haurrak heldu batek lagunduta paseatzera atera ahal izango dira
Hasiera batean, Espainiako gobernuak soilik erosketak egitera atera ahalko zirela iragarri ondoren, oposizioko alderdien kritikak eta familien haserreak direla eta, neurria zuzendu egin zuten. Horren aurretik, protestak kazeroladak egin ziren etxeko balkoietatik.
Igandetik, apirilaren 26tik, aurrera, 14 urte arteko haurrek etxetik atera ahal izango dute “paseoak” emateko, baita “banketxe eta supermerkatuetara” joateko, betiere euren etxe berean bizi den heldu batek lagunduta. Atzo iluntzean iragarri zuen neurri berri hau Salvador Illa Osasun ministroak, eguerdian azaldutako erabakiak zuzenduz.
Joan den larunbatean, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak iragarri zuen haurrek etxetik irteteko aukera izango zutela astelehenetik aurrera. Atzo eguerdian, Maria Jesus Montero gobernuko bozeramaileak irizpide zehatzak azaldu zituen: 14 urte bitarteko haurrek gurasoekin erosketak egitera edo banketxera joan ahal izango zuten. Alegia, iragarritako neurriak soilik alarma egoerako dekretuak jasotzen dituen jarduerak ahalbidetzen zizkien haurrei ere.
Ezarritako irizpideek, oposizioko alderdi guztien kritikak jasotzeaz gain, familien haserrea piztu zuten, hainbat arrazoi direla medio: besteak beste, supermerkatu edo banketxeetan jende asko kontzentratzen dela eta kutsatzeko foku nagusiak direla, eta umeek paseo bat emateko aukera gabe jarraitzen zutela. Hori dela eta, hartutako erabakien kontra protestatzeko atzo arratsaldean kazerolada egin zen. Hain zuzen ere, horren ondoren, Illak egoera berria azaldu zuen.
Gaur goizean Espainiako kongresuan Sanchezek adierazi du gobernuak “zuhurregi” jokatu zuela hasiera batean ezarritako irizpideekin. “Gobernu honek entzun egiten du”, esan du.
Dena den, Espainiako gobernuak ez du zehaztu oraindik zer den “paseo” bat ematea —zenbat denboraz eman daitekeen, zein segurtasun neurri bete behar diren eta abar—. Datozen egunetan xehetasun gehiago ezagutzea aurreikusten da. Era berean, 14 eta 18 urte bitarteko adingabekoei dagokienez, orain arte bezala euren kabuz erosketak egitera irten ahal izango dira.