Baliteke Realak Kopako finala hurrengo urtean jokatu ahal izatea
Joan den larunbatean, hilaren 18an, jokatu behar zuten Realak eta Athleticek Espainiako Kopako finala Sevillan, baina koronabirusa dela eta, norgehiagokaren datak airean jarraitzen du. Espainiako Futbol Federazioa, Liga eta Kiroletako Kontseilu Orokorra asteburuan bildu ziren etenda dauden lehiaketak bukatzeko aukerak pentsatzeko, eta Kopako finala bai ala bai ikusleekin jokatu behar dela erabaki zuten. Partida horrek hiriburu andaluziarrean izango duen eragin ekonomiko positiboarengatik, besteak beste, Andaluziako Batzarrak aurreikusi baitu Euskal Herriko 60.000 zale joango direla Sevillara finala dela eta, eta 43 milioi euro sartuko direla hirian. Horregatik, federazioarekin harremanetan jarri ziren, norgehiagoka ikusleekin jokatzeko eskatuz.
Kopako finalaren inguruko eztabaida ez zuten aipatu bileraren aktan aipatu, baina Marca egunkariaren arabera, horren inguruko hainbat aukera planteatu zituzten. Horrela, asko jota, finala 2021eko Kopako finala baino astebete lehenago ere jokatu daitekeela erabaki zuten, ezin bada lehenago ikusleekin jokatu.
Bestalde, Kopako finala jokatzen duten bi taldeek jokatzen dute Espainiako Superkopa, beraz, atzerapen horrek ez lioke azken lehiaketa horri eragingo. Iaz egin zuten moduan, Saudi Arabian izango da Superkopa, eta Reala, Athletic eta Ligako lehenengo eta bigarren sailkatuek jokatuko dute.
Era berean, Kopa irabazten duenak hurrengo denboraldian Europa League lehiaketan parte hartzeko eskubidea du, eta hainbat aukera planteatu zituzten arazo horri begira: Realak eta Athleticek Ligako lehenengo sei sailkatuen artean bukatzen badute denboraldia –lehenengo lauek Champions Leaguea jokatzen dute, bosgarrenak eta seigarrenak, aldiz, Europa Leaguea–, zazpigarren sailkatuak hartuko luke Europa Leagueko beste plaza hori. Bi finalistetako batek lehenengo sei sailkatuen artean bukatzen badu, beste finalistak hartuko luke Kopa irabazteak ematen duen Europa Leagueko plaza. Azkenik, biak lehenengo sei sailkatuetatik kanpo gelditzen badira, ligan postu onenean bukatzen duenak jokatu luke Europako lehiaketa.