"38 urte daramatza Hontzak irekita eta, oker ez banago, Liburuaren Egunean denda fisikoa irekita ez dagoen lehenengo aldia da"
Hontza Liburudendako egoitza fisikoa itxita dago, baina online saltzen eta liburuak bidaltzen hasi ziren duela astebete. Liburuaren Eguna dela eta ezer berezirik egiten ari ez badira ere, gaurko eguna dela eta eskari gehiago jaso dituztela dio Ramon Tatiegi Tati liburu dendako saltzaileak.
Orain arte, zer moduz doa Liburuaren Eguna?
Egoera oso arraroa eta ezohikoa izaten ari da. 38 urte daramatza Hontzak irekita eta, oker ez banago, Liburuaren Egunean denda fisikoa irekita ez dagoen lehenengo aldia da. Beraz, webgune bitartez sartzen ari diren eskaerak kudeatzen ari gara.
Nola ari zarete kudeatzen webguneko eskaerak?
Etxera banaketak egiten ditugu. Eskaera gehienak Donostiakoak dira eta bezeroari eskura entregatzen saiatzen ari gara dendatik. Eskaera Gipuzkoako edo Hego Euskal Herriko gainontzeko herritara badoa, agentzia baten bitartez bidaltzen dugu.
Noiztik darama webguneak martxan?
Duela zazpi egunera arte webgunea itxita izan dugu, baina irekitzea erabaki genuen bezeroek esaten zigutelako ez zietela kate handiei erosi nahi, guri baizik. Bestalde, egoera kontuan hartuta eta kate handiekin lehiatu ahal izateko nolabait, hasiera batean garraio-kostuak kentzea erabaki genuen. Hala ere, konturatu gara ezinezkoa zaigula garraio-saririk ez kobratzea Donostiatik kanpoko bidalketetan, guretzat duen kostua dela eta. Orain, hiru euro kobratzen hasi gara. Eta aurten ez gara %10eko deskontua egiten ari.
Eskaera asko jasotzen ari zarete?
Oro har, ez dira asko. Nabari da gaur Liburuaren Eguna dela, beste egunetan baino eskaera gehiago sartzen ari baitira. Liburu bat edo bi eskatzen ari da jendea. Kasuren batean sei edo zortzi ere eskatu dizkigute oparitarako biltzeko esanez.
Liburu gai zehatz bati lotutakoak dira eskaera horiek edo denetik dago?
Batez ere, umeei zuzendutako liburuak eta narratiba dira, nahiz eta komiki edo saiakeraren bat ere eskatu. Hala ere, dendan dauzkagun liburu aleak bidaltzen ari gara soilik. Kasuren batean, une honetan ez dugun libururen bat eskatu digute, eta horiek epe motzean lortzeko zailtasunak ditugu. Saiatzen gara hainbatetan, baina ez da erraza.
Bidalketak egun osoan zehar egiten dituzue?
Eguerdira arte egiten ditugu, eta gaur ere uste dut hala egingo dugula. Egoera normalean, banatzaileek hurrengo egunerako entrega egiten dute. Dena den, agentziek inoiz baino lan gehiago dute, eta atzerapenarekin ari dira kasu batzuetan —hiru edo lau egun tarda ditzake—.
Liburuak saltzeaz gain, beste egitasmoren bat egin duzue sareetan berrogeialdia dela eta?
Ez. Webgunea martxan jarri dugun arte, geldi egon gara.
Aurtengo Liburuaren Egunean liburu bat gomendatu beharko bazenu, zein izango litzateke eta zergatik?
Karmele Jaioren Aitaren etxea. Nobela ona dela iruditzen zait. Gainera, liburuaren itzulpena ere orain dela gutxi atera da, beraz, gaztelaniaz ere irakurri daiteke. Bestalde, nobela ez den bat: Amets Arzallusen Minan oso gomendagarria iruditzen zait.