"Beharbada, gehiago da irakurtzeko garaia, idaztekoa baino"
Liburuaren eguna ezberdina izaten ari da aurten. Konfinamendu garai berezi honetan, azokarik gabe geratu dira sortzaile, dendari eta irakurleak, bakoitza bere etxean. Harkaitz Canok idazle moduan egoera nola bizi duen azaldu digu.
Idazle gehienek etxea dute habitat nagusitzat sormen prozesuan. Hein batean ohituta egon arren, konfinamendu egoera hau ez da erraza izaten ari idazleentzat ere, bereziki gaurkoa bezalako egunetan. Liburuaren eguna etxetik bizitzen ari dira sortzaile eta liburu dendariak, baita irakurleak ere. Harkaitz Cano (Lasarte-Oria, 1975) idazleak ere planak aldatu behar izan ditu. Sant Jordiko azokara joateko zen, Katalunian, baina etxean konfinatuta geratu da azkenean, Donostian.
Nola eragin dizu berrogeialdiak idazle bezala?
Aurten geldialdi bat egitea zen nire asmoa, beraz, profesionalki, ez dit horrenbeste eragin, momentuz. Baina denoi aldatuko zaigu datozen urte eta erdiko egutegia, gutxien gutxienez. Etxean egotera ohituta nago eta horrek ez dit halako larridurarik eragiten. Desatseginena, kalera ateratzen zaren apurretan giro arraro hori sumatu eta lehenbailehen etxeratzeko gogoa izatea da.
Liburuaren egun nahiko arraroa izan dugu aurten. Zer da gehien faltan bota duzuna?
Sant Jordira joateko aukera bazen aurten, Adur Larrearekin egindako Antzara eguna komikia katalanez ateratzekoa baitzen egunotan. Horixe botako dut gehien faltan. Gurean liburu egunak nortasun bila jarraitzen du, zaila egiten zaigu Durangoren epizentrotik apartatuta liburuarekin lotutako ekitaldi bizi eta parte-hartzaileak birsortzea.
Zer irakurri duzu azken aldian? Eta zer gomendatuko zenuke egun hauetarako?
Uste dut ez dela batere orijinala, baina hor daude klasikoak: Albert Camusen Izurria berrirakurtzea ikaragarria izan da. Bihar goizean idatzia dela dirudi. Berdintsu Ray Bradburyren Kronika martiztarrak. Miren Amurizaren Basa eta Margarita Leozen Flores fuera de estación ere oso gustura irakurri ditut.
Aukerarik izan duzu egun hauetan sormen lanik idazteko?
Poemak idatzi eta haiekin jolasean nabil, aspaldiko batzuk deskartatu, beste batzuk berridatzi… Dibertitzen. Ez da dirudien bezain ideala, hala ere: gutariko asko ari gara gertatzen ari denaz pentsatzen eta apunteak hartzen, baina susmoa daukat oso antzeko gauzak ari ote garen idazten. Gehiago da irakurtzeko garaia, idaztekoa baino, beharbada. Nahiz eta oso erraza den egunkarietako berriak gerra-parte bezala irakurtzeko joera horrekin entretenitu eta desbideratzea. Apunteak hartzen ere ari naiz, esan bezala, baina arnas luzeko deus idazteko asmorik gabe, momentuz.
Euskal sortzialeek greba digitala egin duzue aste honetan. Zergatik iruditu zaizu garrantzitsua greba honetara atxikitzea?
Askotan ematen du kulturgintzako jendea kexatia dela, baina muturreko egoera honek garbi utzi du sortzaile asko oso egunean egunekoarekin bizi dela. Kanpotik sendo diruditen talde egiturak eta dinamikak ere hauskortasun handikoak dira. Egitasmo asko aurrera ateratzeko gaitasuna izateak ez du esan nahi esne mamitan bizi garenik, eta horrek distortsio halako bat sortzen du, ikusgarri egin behar dena. Greba digitala hondar ale bat baino ez da, halere. Mundu digitalean ziztuan dabilen informazio masa handi horrek ez du gehiegi igartzen bi egunetako bazka falta, geldialdi hau aspaldi egin behar genuen. Ez bi egunekoa soilik, eta ez modu birtualean bakarrik.
Ekimenen batean debalde parte hartzeko eskatu dizute?
Hori da beste sintometako bat, giza-legezkoa da elkartasunez jokatzea eta euskal sortzaileen eskuzabaltasuna agerikoa da. Baina batzuetan zalantzak sortzen dizkit. Hutsaren truk lan egitera ohituak, orain musutruk?
Zein neurri hartu beharko liratekeela uste duzu?
Politikoki neurri unibertsalak botatzen dira faltan, nabarmen: autonomoen kuotak bi edo hiru hilabetez etetea, demagun. Edo telefono eta internet tarifa sozial plano bat dekretuz ezartzea, alarma egoerak irauten duen bitartean. Denok ados bagaude bizialdian behin gertatzen den zerbaiten aurrean gaudela, askoz ere ausartago jokatu beharko lukete. Horren ordez, berriro ere gure gain jartzen da limosnatxoa eskatzeko amaraun burokratiko batean murgildu beharra.
Berrogeialdia amaituta, nola aurreikusten duzu zure etorkizuna kultur sortzaile bezala?
Pentsatzekoa da gerrikoa lepoan estutzeko eskatuko digutela, baina ohituta gaude. Bestalde, erakundeek eta argitaletxeek lanak izango dituzte puzzlea berrosatzen, denok lagundu beharko dugu. Baikorra izan nahi nuke eta krisi honekin kultur arloan azaleratu diren ahulguneak konpontzeko bideak zeintzuk diren pentsatzen hasiko garela, guztion artean.