“Beti bezala, gai guztietatik apur bat eskatzen ari direla ikusten ari naiz”
Gipuzkoa plazako Liburu Azokan duela bi urte jarri zuen postua lehenengo aldiz Ines Garcia Tobacco Days liburu dendako jabeak. Poztasunez bizi izan du esperientzia hori, baina aurten ez da azokarik egongo eta horrek ezinbestean eragina izango du gaurko eguneko salmentetan. Pozgarria izan ohi den egun hau modu desberdin batean biziko du.
Zein egitasmo antolatu dituzue zuen Tobacco Daysetik Liburuaren Eguna dela eta?
Alde batetik, liburu dendako lagun batzuei eskatu diet liburu gomendio bat egiteko eta egunero-egunero bat argitaratzen ari gara gure sare sozialetan. Bestetik, aurreko urteetan Gipuzkoa Plazako Liburu Azoken erosketetan egin ohi bezala, aste honetan eskatutako liburuek %10eko deskontua izango dute. Liburuak denda berriro irekitzen denean jaso ahal izango dira, une honetan ez dudalako libururik bidaltzen eta denda itxita dagoelako. Ordainketa liburua eskuratzean egingo da, deskontua ahaztu gabe. Bestalde, 17.00tan Hunky Dory lurrin dendako Maddalen Marzolekin instagramen zuzenekoa egingo dugu eta hamar libururi perfumea jarriko diegu.
Itxialdia egonda ere, liburuak eskatu ditu jendeak egun hauetan?
Bai. Koaderno txiki bat daukat eta bertan apuntatzen ditut eskaera guztiak. Orokorrean, liburu dendako bezeroek eskatzen dituzte eta horrek ilusio handia egiten dit. Nahiz eta etxe barruan egon, jarraitzen dute liburuak erosteko gogo horiekin eta pozgarria da.
Beste urte batzuekin alderatuta, eskatzen ari diren liburu motetan desberdintasunak ikusi dituzue?
Ez. Beti bezala, gai guztietatik apur bat eskatzen ari direla ikusten ari naiz. Jendeak ez ditu liburuak eskatzen itxialdian pentsatuz. Azken batean, isolamendua amaitu ondoren jaso ahal izango dituzte. Hori dela eta, bezeroak ez ditu etxe barruan dagoen bitartean irakurri ahal izateko liburuak bilatzen; itxialdi ondorengo momentuetarako egiten du eskaera hori. Horregatik, uste dut lehenagotik nahi zituzten liburu horiek erosteko aprobetxatzen dutela gaurko eguna, beti bezala.
Zein motatako liburuak topatzen dira Tobacco Daysen?
Argitaletxe independientetakoak dira denak eta autoeditatutako liburuak ere baditugu. Garrantzia handia ematen diegu saiakerei —politika edo feminismoari buruzkoak, esaterako—. Komiki eta liburu luzatu dexente daude, baita nobelak eta haurrentzat liburuak ere. Eta, noski, Tabakaleran egonda, badaude gehiago jorratzen ditugun hainbat gai, hala nola artea, zinema edo argazkigintza. Baina denda txikia izanda, aukeraketa zaindu bat egiten saiatzen naiz guztietan.
Liburu dendari zarenez gero, nola bizi duzu gaurko eguna aurrez aurre ospatu ezin izatea?
Egia esan, tristura sortzen dit. Ez da bakarrik salmenta handiak egoten direlako eta gure sektorearentzat egun garrantzitsuenetako bat delako. Gaurko eguna hunkigarria izaten da, bisita ugari jasotzea, lagunekin elkartzea eta Gipuzkoa Plazan gauden liburu denden artean komunitate hori sentitzea ekartzen duelako, besteak beste. Horrekin alderatuta, etxean eguna bakarrik pasatzea gogorra egiten da.
Aurtengo Liburuaren Egunean zeure buruari liburu bat gomendatu beharko bazenio, zein izango litzateke eta zergatik?
Agian Christopher Morleyen La librería ambulante. Liburu saltzaile ibiltari baten istorioa kontatzen du. Orain bizitzen ari garen egoeraren kontrako istorioa da, liburu dendak itxita baitaude eta mugitzeko oso aukera gutxi ditugulako. Baina agian horregatik aukeratuko nuke: fantasia purua delako une honetan.
Gaurko egunaz haratago, nola eragin dizue berrogeialdiak?
Bi hilabetez denda itxita egotea ikaragarri txarra da. Eta are gehiago jakin gabe noiz arte luzatuko den. Salmentarik ez dugu. Eskaerak jasotzen ditugu, baina normalean saltzen dena baino askoz gutxiago da. Irekitzerakoan ez dakit zein panorama topatuko dugun, ez baitakigu liburuak erosiko diren edo ez.
Duela egun batzuk, Espainiako gobernuak esan zuen liburu elektroniko eta prentsa digitalaren BEZa jaistea pentsatzen ari dela, %21etik %4ra. Nola eragin diezazueke zuei, liburu denda txiki bezala, neurrik honek?
Ez dut uste horrek hainbesteko aldaketa suposatuko duenik nire kasuan. Tobacco Daysera datorren bezero motak liburu fisikoa edukitzea bilatzen du normalean.