Egunean ordubetez eta kilometro bateko eremuan atera ahal izango dira haurrak
Paseatzera, jolastera edo ariketa fisikoa egitera irteteko aukera izango dute, goizeko bederatzietatik gaueko bederatzietara, baina haurrentzako gune eta parkeak erabiltzea debekatuta egongo da.
Pablo Iglesias Gobernuko presidenteorde bigarrenak eman ditu gaur eguerdiko prentsaurrekoan umeen irtenaldien inguruko xehetasunak. Egunean ordubetez irten ahalko dira, betiere kilometro bateko eremuan bada, gune irekietan eta euren etxe berean bizi den heldu edo anai-arreba zaharrago batek lagunduta. Era berean, kalean jolasteko aukera izango dute eta horretarako jostailuak ateratzea —”pilota bat edo patinete bat”— onartuta dago.
Hala ere, ezingo dituzte haur parkeak erabili jolasteko. Ateratzeko hainbat segurtasun neurri bete beharko dituzte haurrek ere, besteak beste, segurtasun tartea mantentzea, gutxienez, metro batekoa. COVID-19an positibo eman eta etxe isolamendu egoeran dauden haurrak, baita gaixotasunak kutsatutako norbaitekin kontaktua izan dutenak edo sukarra eta bestelako sintomak dituztenak, ezin izango dira atera. Bestalde, heldu bakoitzak asko jota hiru umerekin atera ahal izango du.
Salvador Illa Osasun ministroak ere prentsaurrekoan parte hartu du eta azpimarratu du pediatra, psikologo, irakasle eta epidemiologoekin adostu dutela haurrak ateratzeko plana. Era berean, Iglesiasek jakinarazi du xehetasun guztiak jasoko dituen gida bat prestatzen ari direla.