Liburuaren Egunak online programazio berezia izango du
Donostia Kulturak haur eta helduentzako hainbat jarduera antolatu ditu, baita zozketa bat ere, Gipuzkoako Liburu Denden Elkartearen laguntzarekin.

Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur, baina itxialdiak egun honetan egin ohi diren jarduerak berrantolatzera behartu du, besteak beste, Donostia Kultura. Gipuzkoa Plazako Liburu Azoka zein aurrez aurreko jarduerak guztiak bertan behera geratu badira ere, erakundeak umeei eta helduei zuzendutako online programazio berezi bat antolatu du:
- 08:00-10:00. Ispilu Beltza saioa (DK Irratia). Liburuaren Nazioarteko Egunari buruzko saio berezia
- 12:00. #DKEtxean-Koadernoa: Hau ere pasako da, Ana Malagon idazlearen kontakizun labur argitaratu gabea
- 13:00. #DKEtxean-Koadernoa: Mikel Casals ilustratzaileak iburuaren egunerako egindako ilustrazioa
- 16:00. Haurrentzako Ipuinaren Ordua: Amaia Puin ipui kontalariaren eskutik Loreren borobiltxoak. Donostia Kulturako Youtube, Instagram eta Facebook kontuetan.
- 17:00. Liburu Challenge Go!azeneko aktoreekin
- 19:00. Antzokia etxean: Diario de una prueba, Amaia Lizarralde. Donostia Kulturako Youtube, Instagram eta Facebook kontuetan.
Aipatutako jarduerez gain, Gipuzkoako Liburu Denden Elkartearen laguntzarekin, liburuak erosteko 20 euroko 50 bonu zozketatuko dira Donostia Kulturako bazkideen artean. Parte hartzeko esteka, buletin baten bitartez jaso zuten atzo emailean ‘Literatura’ eta ‘Haur’ eremuetan izena eman duten Donostia Kulturako bazkideek. Horretarako, galdera bati erantzun behar diote: “zein liburu erosiko zenuke gaur Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko liburu dendak irekita baleude?” Irabazleak maiatzeko lehenengo astean jakinaraziko dira.
Gaurko egunetik haratago, Liburutegi Nagusiko solasaldiak online eskaintzen jarraituko dira datozen asteetan ere. Hurrengoa apirilaren 28an da, Patricio Pron idazlearen Mañana tendremos otros nombres. Idazleak parte hartuko du, eta Amaia Garcíak dinamizatuko du. 19:30etan egingo da, eta parte hartzeko email bat bidali behar da liburutegiaalderdieder@donostia.eus helbidera.