"Liburuaren egun berezi hau poztasunez ospatu beharra ikusi genuen"
Kaleak hutsik izan dira aurtengo liburuaren egunean. Konfinamenduaren erruz, urtero giroa alaitzen zuten azokak etxeetara eraman behar izan dituzte antolatzaileek. Adolfo López Gipuzkoako liburu-denden elkarteko presidenteak saltoki txikien arteko elkartasunaren garrantzia azpimarratu du.
Nola bizi izan duzue liburuaren eguna elkartetik, egoera berezi honetan?
Konfinamendua hasi zenean oso kezkatuta geunden, ezjakintasun handia genuen. Duela aste batzuetatik aurrera, ordea, iniziatiba eta elkartasun handia egon da gremioko kideen artean. Proiektu eta kanpaina ona egin dugu, eta horrek ilusioa berpiztu egin digu. Badakigu liburuaren egun honek festa eguna izan behar zuela, postuetara eta liburu dendetara ateratzeko eguna. Egoerari buelta ematen saiatu gara, eta eguna poztasunez ospatu beharra zegoela uste dugu. Ilusio hori irakurle komunitateari helarazten saiatu gara.
Ilusio hori berreskuratzeko, zein ekimen egin dituzue?
Aste honetan zehar Gipuzkoako liburu-dendekin batera Nire liburu dendaren zain nago kanpaina abian jarri dugu. Honen ideia herritarrak kontzientziatzea da. Osasun krisi hau krisi ekonomikoa da, eta ulertu beharra dago proiektu kulturalak ere proiektu ekonomikoak direla. Hortaz, bertako liburu-dendekin bat egiteko modua aurkitu beharra dagoela uste dugu. Hau da, itxarotea proposatzen dugu, ez erostea multinazional handiei, merkeagoa izateagatik eta zerbitzua irikita egoteagatik. Etxe ondoan, auzoan edota hirian dauden saltoki txikietan pentsatu behar dugu, eta ez soilik kultura arloan. Azken finean, hauek defendatuz, hiri eta gizarte eredu bat lortzeko borrokan ari gara. Bestalde, liburu-denda bakoitzean promozio eta ekimen ezberdinak egin dituzte, jendeak jakin dezan nahiz eta dendak itxita egon, liburu saltzaileok hor jarraitzen dugula, erne eta tinko.
Zer aurreikusten duzue etorkizunean liburu dendentzako?
Oraingoz zain gaude saltokietan bete beharko ditugun protokoloak zein izango diren jakiteko. Ez dakigu pixkanaka ireki beharko dugun, zein osasun neurri bete beharko ditugun, bezeroak banan banan sartu beharko diren, eta abar. Ikusi beharko dugu osasun krisiak nola aurrera egingo duen. Argi dago konponbideak bilatu beharko direla. Konponbideak azkarrak izan beharko dira, eta batez ere saltokiei ziurtatu beharko die irabazi ekonomikoak izango dituztela. Laguntza eskatzen ari gara bezeroei, baina baita instituzioei ere, kontsumo hori handitzen laguntzeko. Dena den, kultura beti izaten da halako egoera zailetan, eta uste dut askotan hobeto moldatzen garela egoera zail hauetara, ilusio handia jartzen diogulako.
Zer liburu gomendatuko zenuke egun honetarako?
Badago Forcola izeneko editorial bat. Izugarrizko saiakera katalogo zoragarria dute. Horien artean, liburu bat dago, Virginia Moratiel autorearen Compañeros de viaje (Bidaia kideak). Uste dut bizi dugun egoerarako, ezin egokiagoa dela bidaiatzeko kide bat bilatzea [barrez]. Literatura unibertsalaren autore handien inguruko biografia eta istorio ezberdinak batzen ditu liburuak. Autorearen ustetan, bidaia kide onenak idazleak, amesleak, poetak dira.