Liburutegien indarra
‘Ex Libris: The New York Public Library’
Zuzendaria: Frederick Wiseman
Urtea: 2017
Herrialdea: AEBak
Frederick Wisemanek, aski saritua izan den dokumentalistak, irakaskuntza eta kultur erakundeei buruzko triptikoa osatuko du Ex libris (2017) filmarekin. At Berkely (2013) filmean Kaliforniako unibertsitate publikoan sartu eta National Gallery (2014) filmean ikusleentzat Londresko museoko ateak ireki ondoren, New Yorkeko liburutegiko barrenak erakutsiko dizkigu oraingoan, erakundearen eginkizunen, hiriko egoeraren eta Estatu Batuetako gizartearen erretratu zorrotza eskainiz.
Wisemanek FIPRESCI saria lortu zuen Veneziako zinemaldian Ex libris filmarekin, eta Donostiako Zabaltegi-Tabakalera sailean ere aurkeztu zuen behaketa dokumental hau. Filmin plataforma digitalean zabaldu berri dute, beraz, gure auzoetako liburutegietara joateko aukera izan arte, bidaiatu dezagun New Yorkera.
Liburutegiko bi langilek erabiltzaileekin dituzten elkarrizketek emango diote hasiera filmari; bat adarbakarren inguruko informazio bila dabil, eta bestea, aldiz, XVII. mendeko dokumentuen eske. Jarraian, pixkanaka, kamerak liburutegiko apalategi, bulegoa, gela eta zirrikitu guztiak zeharkatuko ditu hango jarduera desberdinak ezagutzen goazela. Irakurketa klubean, enplegu azokan eta kurtso desberdinetan parte hartuko dugu; hitzaldi eta kontzertu atalak entzungo ditugu; erakusketa aretoetatik ibiliko gara; liburutegiko bilduma desberdinak ezagutuko ditugu eta artxibo zaharberritze eta digitalizazio lana gertutik jarraituko dugu. XXI mendeko liburutegiek ikaskuntza eta gizarteratzea sustatzeko dituzten erak zenbatu ezinak dira.
Gainera, liburutegiko lantaldeko bileretara ere sartuko gara finantzaketa mota publiko eta pribatuak eztabaidatzen dituztenean, eskolaz kanpoko ekintzak nola indartu adosten dutenean, eta aurrerapen teknologiek sortzen dituzten erronkei nola aurre egin hausnartzen dutenean. Aurrekontu mugatua izanda, liburuak edizio inprimatuan edo elektronikoan erosi behar? Nola erantsi iraultza digitala? Zer egingo zenukete zuek?
Wismanek entzule gisa egoteko aukera eskaintzen digu nork bere ondorioak atera ditzan. Bere filmografian ohi duen bezala, adierazpen, kritika edo lezio moralak saihestuko ditu. Gorroto du propaganda zinema, eta ez du off-eko ahotsik behar zinema politikoa egiteko. Mezua argia da beti, oso. Horrexegatik, Trumpek hauteskundeak irabazi berri zituela, Ex libris estreinatu eta eztabaida handia sortu zuen. Wismanen hitzetan, “Ez da harritzekoa, liburutegi publikoa erakunde demokratikoena da. Bere eginkizuna ezagutza hiritar guztientzat -batez ere zailtasun ekonomikoak dituztenentzat- eskuragarri egon dadila da, eta sustatzen jarduera kulturalen bidez komunitatea zaintzea. Trumpek ez luke inoiz New Yorkeko liburutegiaren zerbitzu publikoa ulertuko”.
Azalekoa baita liburutegiak komunitatea sendotzeko duten gaitasuna. Ex libris-en nabarmena den bezala, erabiltzaileek bere egiten dute eraikina eta, behin sartuta, filmak hiru orduko iraupena badu ere, ikusleak berak ez du atera nahiko. Nazioarteko liburuaren egunaren inguru honetan, nork atera nahiko luke munduko jakintza erakunde handienetako honetatik?