Maskara atzetik hartutako irudiak
Hiritarren egunerokoa ez ezik, kaleen eta etxeen itxura ere zeharo eraldatu du konfinamenduak. Paisaia berri eta ezohiko horiek aparteko ikuspegi batetik jaso dituzte hainbat argazkilarik.
Koronabirusaren epidemiak erabat zeharkatu ditu gure bizitzak eta gure egunerokotasuna. Gaixotasunaren aztarna edonon ikus dezakegu, gure balkoietan, erosketak egiteko ilaretan, baita autorik gabeko errepide hutsetan ere. COVID-19ak erabat aldatu du gure hiriko eguneroko irudia, baita gure etxeetakoa ere.
Larrialdi egoera honetan sortu diren paisaia berrien lekuko izateaz gain, horiek hilezkortzeko lanetan ari dira hainbat argazkilari. Horietako batzuk dira Gari Garaialde, Nagore Legarreta, Joseba Parron, Aitziber Orkolaga eta Gorka Bravo. Kamera eskuan, epidemiak sortutako errealitate berriak euren ikuspegitik jasotzen ari dira; konfinamendua nola bizitzen ari diren azaldu digute, eta isolamendu denboran haiek sortutako hainbat pieza jaso ditugu.
Elkarrizketa guztiak bihar egongo dira irakurgai osorik astekarian eta Irutxulo.hitza.eus webgunean. Hona hemen elkarrizketatutako bost argazkilarien aurkezpena eta bakoitzak egindako autorretratuak:
GARI GARAIALDE
(Irun, 1972)
Bere familiak oporretan argazkiak egiteko zuen kamerarekin izan zuen Gari Garaialdek argazkilaritzarekin lehen kontaktua . Ingalaterran pasatako denboran ikasi zuen kamera ondo erabiltzen, eta askotariko lanak egin baditu ere, bere burua fotokazetaritzat dauka. Bere lanak makina bat hedabidetan argitaratu dituzte.
JOSEBA PARRON
(Erdialdea, 1972)
Arte Ederrak ikasi zituen Joseba Parronek, eta komunikazioaren hainbat alorretan lan egin du: ikus-entzunezkoetan, diseinuan eta ilustrazioan, gehienbat. Gainera, 40 urte daramatza argazkiak egiten. Gurasoei esker, txikia zenetik, argazkilaritza eta artea jolaserako eta esperimentaziorako «eremu pribatuak» bilakatu ziren beretzat.
AITZIBER ORKOLAGA
(Antigua, 1975)
Ogibidez finantza arloan badabil ere, duela bizpahiru urte argazkilaritza «serioago hartzen» hasi zen Aitziber Orkolaga. Diziplina hori bere barruan gertatzen diren gauzak ulertu eta kudeatzeko balio dion «lanabes mugagabea» dela uste du, «emozioak beste era batean kudeatzeko aukera» ematen diona.
GORKA BRAVO
(Amara, 1981)
2008an hasi zen Gorka Bravo argazkilari lanetan; hain zuzen, arte eszenikoen munduan. Bartzelonako jaialdi batean argazkiak egin zituen, eta ordutik antzerkian, eta batez ere, dantza arloan aritu da. Prentsa argazkilaritzan ere ibilitakoa da, baita Donostiako Zinemaldian argazkiak egiten ere. Gainera, etxe eta apartamentuak erretratatzen aritzen da noizbehinka.
NAGORE LEGARRETA
(Hernani, 1981)
Nagore Legarretak hainbat arlotatik izan du argazkilaritza lantzeko aukera, esaterako, Hernaniko Kronikan, diziplinaren inguruan emandako eskoletan, baita enkarguzko sorkuntzetan ere. Bere hitzetan, bere argazkilari jarduna beti egon da esperimentaziorako grinarekin lotuta, sormenarekin erlazionatuta, eta bere burua eta ingurua arakatzeko ikusminarekin lotuta.