Raitx donostiarraren lehen diskoa entzungai dago Badoken
Rakel Arenaza (Donostia, 1991) musikariak Raitx izenpean bere bakarkako lehen lana aurkeztu du, Badok musika atarian: Abereek erantzungo balute (autoeditatua). Koban taldearekin ibilbidea amaitutzat eman ondoren, momentu oso pertsonaletan sortutako poesiak musikatu eta kanta intimistak konposatu ditu disko honetan, ahotsari eta letrari garrantzia handia emanez. Apirilaren 28an argitaratuko da gainontzeko plataforma digitaletan.
Lan honetarako Koban taldean izandako kide batzuen laguntza izan du: Esti Beraza sintetizadoreetan eta Xalba Ramirez gitarretan, eta horrez gain, Joseba Salbidek sortu ditu Arenazarekin batera. Kutxa Kultur Musika programarako hautatua izan zen. Horrela, sei abestiko diskoa grabatzeko aukera izan dute.
Gaztain estudioetan (Zestoa, Gipuzkoa) grabatu zuten iaz, Eñaut Gaztañagaren zuzendaritzapean eta Doctor Masterren masterizazioarekin. Pop elektroniko intimistako sei pieza batzen ditu diskoak, eta bakardadearen, elkar zaintzaren eta nork bere lekua topatzearen gaineko istorio bat osatzen dute letren bidez.