«Egoera honek orain arte ezagutzen ez nituen istorioak jarri dizkit begien parean»
Bere familiak oporretan argazkiak egiteko zuen kamerarekin izan zuen Gari Garaialdek argazkilaritzarekin lehen kontaktua. Ingalaterran pasatako denboran ikasi zuen kamera ondo erabiltzen, eta askotariko lanak egin baditu ere, bere burua fotokazetaritzat dauka. Bere lanak makina bat hedabidetan argitaratu dituzte.
Zein da zure ibilbide profesionala?
Gure garaiko gehienok bezala, familiak oporretan argazkiak ateratzeko zeukan kamerarekin izan nituen argazkilaritzarekin lehen hartu emanak, argazkiak ateratzeko baino gehiago jendeari so egiteko erabiltzen banuen ere. Urte mordo bat beranduago, Ingalaterran, bertako hizkuntza ikasteko aitzakiaz igarotako garai batean, ikasi nuen kamera tratatzen. Bertan ezagutu nuen argi gorriaren xarma, eta bertan liluratu ninduen, lehenengoz, poliki-poliki, paper zuri hartan irudia azaltzen ikusteak.
Horren ondoren, argazkiekin jolasean hasi eta lehen lanak ailegatu ziren: kolaborazio bat hemen, bi argazki harentzat, beste horien diskorako irudiak… eta gero eta gehiago sartu nintzen mundutxo honetan. Argia aldizkarian urte batzuetan kolaboratu ondoren, Euskaldunon Egunkarian lanean hasteko aukera suertatu zitzaidan; 1998tik 2001 urtea bukatu arte izan nintzen han, lan-taldeko argazkilari moduan.
2.002 urte hasieratik, Argazkipress agentzia sortu zenetik, han jardun nuen, 2013ko martxoan harreman hura eten zen arte. 2013 urtearen amaieran, argazkilari talde txiki bat bildu ginen, mundu hau beste modu batean erakusteko asmoz eta Bostok Photo sortu genuen, hartu nahi genituen erabakien arduradun egingo gintuen kooperatiba, eta bertatik bideratzen ditut nire proiektu gehienak. 2015 urtetik Getty Images agentziarentzako argazkiak egiten hasi nintzen, eta 2019an Mundo Deportivo kirol egunkariarekin kolaboratzeko aukera sortu zitzaidan.
Nire lana hainbat egunkari eta aldizkaritan argitaratu da: Gara, Berria, La Gaceta, El Pais, Der Spiegel, The Guardian, The Washington Post, besteak beste.
Hemen nabil, oraindik, parean jartzen zaidan guziari argazkiak ateratzen, oraindik ere kamerarekin jendeari so.
Nola definituko zenuke zure argazkilaritza-jarduna?
Nire argazki lanaren ehuneko handi bat (den-dena ez esateagatik) fotokazetaritzara bideratuta dago. Kontalaritzat dut nire burua, ikusten dudan hori besteei kontatzeko argazkiak erabiltzen dituen kazetaritzat. Egin izan ditut beste motako lan batzuek, kuriositateak edo beharrak bultzatuta, baina nire burua fotokazetaritzat daukat.
COVID-19ak guztion bizitzak eta egoteko modua aldatu ditu. Zure jardunean zein aldaketa eragin ditu?
COVID-19ak nire jardunean bi modutan eragin du. Alde batetik, birusak sortu duen alarma eta konfinamendu egoerak bultzatuta, mota guztietako ekimen eta ekitaldiak suspenditu egin direnez, nire lanaren zati handi bat erori egin da. Adibidez, Mundo Deportivorekin nuen kolaborazioak eten egin dira, ez baitago zeri argazkirik egin. Proiektu asko bertan behera gelditu edo atzeratu egin direnez, nire etorkizuna birpentsatzera behartuta nago. Esperantza ez denez sekula galtzen, proiektu horietako asko itzuliko direla sinetsi nahiko nuke, baina ezin dut horren zain geratu. Etxean egoteko denbora gehiago daukat, eta horrek atzeratutako proiektuak eta etorkizuneko asmoetan jarduteko tartea eman dit. Hala ere, ez naiz ni ordenagailu aurrean denbora gehiegi pasatzea gustatzen zaion horietakoa.
Beste aldetik, kontalari bat naizenez, egoera hau jaso eta kontatzeko aukera sortu dit egoera honek. Ia munduko albiste bakarrak birusaren ingurukoak dira, eta munduko prentsa argazkilari guztiak, Timbuktutik Yokohamara eta Maracaibotik Irunera, gai beraren inguruan gabiltzanez, hemendik, Irungo auzo honetatik, edo gure Euskal Herri txiki honetatik, zer eskaini dezakedan hausnartzera eraman nau. Egia esan, hori ez da aldaketa bat izan, beti gustatu izan zait albiste bila urrutira joan beharrean, hemendik ikusitakoak munduari kontatzea; orain, baina, zaila da leku bat bilatzea nazioarteko plazan, esan bezala, gaia bakarra baita.
Inguratzen gaituen errealitatea bisualki oso desberdina da orain. Nola duzu zuk?
Bai, egia da kaleak aldatu egin direla. Hustu egin dira eta jendea egon ohi zen tokiak, bizitza ikusten genuen gune horiek, hutsik daude. Jende oso gutxi dabil kalean. Jendeak behetik gora egin du: bizitza etxe barruan dago orain, ezkutuan, eta ikus daitekeen guztia balkoietan dago. Nik hala ere, argazkiak jendeari egitea atsegin dut, nor diren, zertan dabiltzan, egiten dutena zergatik egiten duten jakin nahi izaten dut, eta balkoietako jendearekin hori egitea ez da erraza; gainera, plaza eta kale hutsek ez didate balio. Egin ditut horrelako erretratu batzuk, balkoi-miran jolastu naiz, baina horrek ez nau gehiegi asetzen. Ahalegintzen ari naiz ulertzen nola ari den jendea honi aurre egiten, eta batez ere, nola, eta zergatik, pertsona batzuek aukeratu duten beharra zuten beste batzuei laguntzea. Nola antolatu diren, nola aritzen diren horretan, eta abar.
Konfinamendua hasi zenetik gaur arte, nabarmenduko zenukeen argazkiren bat egin duzu?
Zaila egiten zait argazkiez hitz egitea. Badaude gustukoak dituzunak edo besteak baino kuttunagoak direnak, baina argazkiez hitz egitean, istorioak alde batera geratzen direla uste dut, eta nik istorioak kontatu nahi ditut. Esan dudan bezala, zera interesatzen zait: jendeak nola egin dion aurre egoera zail honi. Hain zuzen, ez indibidualki nola egin dioten aurre, baizik eta nola baden jendea erabaki duena egoera honi ere modu kolektibo batean aurre egitea: nola hartu duten elkar-zaintza euren gain, nola antolatu diren auzoan, nola sentitzen diren gizarte baten partaide, eta nola sinetsi duten gizarte horri lagundu egin behar ziotela, bakoitzak ahal zuen moduan.
Aukerarik zabaldu dizu egoera honek sorkuntza aldetik?
Ez dakit hori esan dezakedan. Egoera honek orain arte ezagutzen ez nituen istorioak jarri dizkit begien parean, eta istorio horiek kontatzeko nahia sentitu dut; baina ez dakit aukera berriak diren.