Etxealditik Euskaraldira: 'Jolastu etxean, jokatu euskaraldian!'
Hasi da Etxealditik Euskaraldia egitasmoaren azkeneko fasea. Euskaraz gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin egiteko lehen proposamena Pirritx, Porrotx eta Marimototsek zabaldu dute. Helburua da euskaraz jolastea, alegia, abesten, mozorrotzen edo mahai jokoetan jolasten euskara erabiltzea. Internet bitartez ere euskaraz jolasteko hainbat proposamen egin dituzte Euskaralditik.
Etxealditik Euskaraldira dinamikaren helburua etxealdi egoeran gaudela hizkuntza-ohituren inguruko hausnarketa eta euskararen erabilera sustatzea da. Itxialdian egonda ohitura horiek aldatuz gero, isolamendutik irtetean euskara erabiltzea errazagoa izango da.
Apirilaren 20an bideo aurkezpena egin ondoren, apirilaren 21etik 23ra aurre hausnarketa bat egiteko proposamena plazaratu zuten ‘Zein hizkuntzatan hitz egiten dugu etxean eta etxetik?‘ galderaren bitartez. Egitasmoko azkeneko fasea gaur hasi da eta apirilaren 30era arte iraungo du. Zazpi egunez egunero-egunero proposamen bat luzatuko dute Euskaraldiko webgune eta sare sozialetan, baita ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan. Egitasmoa maiatzaren 3an egingo den ekitaldi bateratuarekin amaituko da.
Jarduera honetan parte hartzen ari direla adierazteko, herritarrek balkoiak eta leihoak koloretako borobilekin apaindu behar dituzte. Puntua eurak sortu edo hemen eskuratu dezakete. Bestalde, Irutxuloko Hitzako hitzakideek gaur goizean jaso duten astekariko kontraportadan puntu handi bat topatuko dute, hura moztu eta Etxealditik Euskaraldira egitasmoan parte hartzen ari direla adierazi ahal izateko. Era berean, sareen bitartez ere parte hartu daiteke, @deuskaraldia aipatuz edo #EtxealditikEuskaraldira traola erabiliz.
Egitasmoa urte amaieran egingo den Euskaraldirako prestaketa bat da.