Feminismoaz eta euskaldun kontzeptuaz
Jule Goikoetxea Mentxaka
Filosofo politikoa eta irakaslea
Euskaldun izatea eta emakume izatea subalternitate mota ezberdinak dira, subalternitatea ez baita edukiaren arabera ezartzen, ezpada botere erlazio batean kolektibo bateko kide gisa duzun posizioaren arabera. Horrek esan nahi du «euskalduna» kontzeptua erlazionala eta performatiboa dela, ez soilik denotatiboa («soilik» hori garrantzitsua da). «Euskalduna» ez da soilik euskaraduna, «alemana» alemanieraz egiten dakiena ez den bezalaxe edo «emakumea» alua duen izakia ez den bezalaxe. Horregatik dute zentzua Irene Arraratsen artikuluek, Zuriñe Rodriguezek eta Ibai Fresnedok idatzitako azkenak edo Lorea Agirre eta Idurre Eskisabelen galderek (Trikua esnatu da): Nork egiten du euskaraz? Non egiten dute subjektu ezberdinek euskaraz? Zer gai jorratzen dira euskaraz? Nork zaintzen du euskara? Zer baldintzatan? «Euskalduna» hitza era tekniko-apolitikoan (euskara dakiena) erabil dezakegu, baina orduan feminismoaren gaia soberan dago.
Zentzurik baldin badu euskaraz eta feminismoaz aritzeak, subalternitatearekin lotzen direlako da. Euskalduna euskara duena bezala definitzeak propietate bezala definitzea esan nahi du. Euskaraz egiteak mundu ikuskera oso bat dakarrela esatea, aldiz, euskalduna identitate bat dela baieztatzea da, eta ez propietate bat: espainola (alemaniera) jakiteak (soilik) ez bazaitu espainiarra (alemana) bilakatzen, euskara jakiteak ere ez zaitu euskalduna bilakatzen, alua izateak (soilik) emakume egiten ez zaituen bezalaxe. Identitate bat baldin bada, orduan testuinguru sozio-politikoa behar du. «Euskalduna» kontzeptua politikoki erabili nahi da ala teknikoki? Feminismoa ez da aludunen borroka, nahiz eta feminista gehienek alua izan. Emakumeon kanporaketa eta diskriminazioa ez da alua izatean oinarritzen, ezpada aluak balio sistema zehatz batean duen esanahian: patriarkatuan izaki aludunak emakume izatera behartzen dituzte (biolentzia sinbolikoa) eta horregatik du izaki aludunak balio subalternoa zakila dutenekiko, zakila dutenek gizon izan behar dutelako, eta gizon izatea patriarkatuan balio positiboa edukitzea delako (kapital sinbolikoa).
Gizonezkoen eremuak balioz beteta daude, ez ekintza edo lan batzuek balio handiagoa dutelako eta beraz gizonezkoentzako erreserbatuak direlako, baizik eta gizonezkoek egiten duten guztiak balioa (kapital sinbolikoa) hartzen duelako gizonezkoek egite hutsagatik. Hori da sektore feminizatuen eta emakumeek ordaindu gabe egiten duten lanaren oinarria. Baliorik ez duena ez da alua, ezpada emakumea. Baliorik ez duena ez da euskara, euskalduna baizik. Bi gauza desberdin dira, loturik egon arren. Espainolez edo frantsesez egindakoak balio handiagoa du euskaraz egin edo ekoitzitakoak baino, eta ez da hizkuntza espainolak edo frantsesak balio filologiko handiagoa dutelako, ezpada balio politiko eta sozio-ekonomiko handiagoa dutela espainolek eta frantsesek.
Haien hizkuntza hegemonikoa da, haiek egitura politiko eta sozio-ekonomikoa dutelako (estatuak, merkatuak, armada, eta abar). Patriarkatuan, gizonek kapital ekonomiko, kultural eta sozial handiago dute, eta ez da lan gehiago egiten dutelako, jakintsuagoak edo hobeak direlako, ezpada gizonak direlako, hau da, egitura politiko eta sozio-ekonomiko oso bat dutelako kapital horiek sortu, birsortu eta atxikitzeko: patriarkatua.
Horrek esan nahi du haien identitateak gaitasun egituratuak direla, espainolenak edo frantsesenak bezalaxe, eta horregatik espainolak eta frantsesak balio handiago dute: identitate soberanoak dira. Eta identitate soberanoa gaitasun mota bat da, gaitasun politiko-ekonomikoa, identitatea praktika materialen dimentsio esanahiduna baita, ez airean flotatzen dabilen ideia multzoa. Euskaldun izateak eta emakume izateak komunean dutena ez da subalternitatearen edukia, egitura material zehatz batean duten posizioa baizik.
Ikasi beharko dugu identitate zikin eta prekarioekin bizitzen, hegemonikoak ez diren errealitate materialak zikinak ta prekarioak direlako. Identitatea era finkoan definitu nahi izateak beldurra du oinarrian. Euskalduna euskaradun moduan eta ondorioz propietate moduan definitzeak ez du identitatearen eta hura oinarritzen den praktika materialen prekariotasuna eta aldakortasuna deuseztatzen, tautologia bilakatzen du (hirukiak hiru alde ditu edo ezustekoa izan da sorpresa). Garai batean estrategikoa izan zen euskalduna euskara duena bezalaxe definitzea, baina 2020an tautologia bat bilakatu da.
Euskaldun moduan borrokatzeko ez dugu definizio tautologiko, garbi, itxi eta definitiborik behar. Emakumeok feminista moduan, eta ez izaki aludun moduan, borrokatzen garen bezalaxe.