"Goseak ez du eperik onartzen"
Altzako lau elizatako parrokoa da Javier Hernaez apaiza, eta betidanik zaurgarritasun egoeran dauden herritarrak laguntzeagatik da ezaguna. Jardun horrengatik, Hiritar Merezimenduaren Domina jaso zuen Hernaezek 2017an, eta ez dio laguntzeari utzi. Konfinamendua hasi zenean, inongo diru sarrerarik ez zuen familia batzuentzat janaria prestatzen hasi zen, eta gero eta gehiago dira laguntza eske joan zaizkion pertsonak.
Nola ari zara egoera zaurgarrian dauden pertsonak laguntzen?
Konfinamendua hasi eta gutxira, egoera irregularrean dauden pertsonengan pentsatzen hasi nintzen, hau da, erroldatzeko edo laguntzak jasotzeko baldintza guztiak bete ez dituzten pertsonengan. Izan ere, pertsona horiek ez dute inoiz laguntzarik jasoko, legearen arabera, ez dutelako horretarako eskubiderik.
Auzoan hiru edo lau familia zeuden egoera horretan, eta beraiekin harremanetan jarri nintzen. Horrela, janaria prestatzen hasi nintzen, behintzat, zerbait jan ahal izan zezaten. Laguntza behar zuten familia kopurua hazten joan zen, ez soilik erroldatuta ez daudenak, baizik eta, orokorrean, oso egoera ekonomiko zailean dauden familiak. Beraz, deialdi bat egin nuen auzoan, elikagai ez galkorrak eskatuz. Sei egunean elikagai ugari eskuratu genituen, eta eskaera maiatzera arte eten dugu, apirilerako ez dugulako ezer gehiago behar.
Oinarrizko elikagai horiek –babarrunak, garbantzuak, arroza, eta abar– beharra duten hogei familiaren artean banatzen ditugu. Bestalde, ekarpen ekonomikoak egin zituzten pertsonak ere egon ziren auzoan, beraz, laguntza behar duten familia horietako batzuei diru kantitate jakin bat ere ematen diet, bigarren platerak, jogurtak eta horrelako gauzak eros ditzaten.
Elikagai horiek prestatuta ematen dizkiezu beti?
Elikagai batzuk prestatuta ematen dizkiet, baina beste asko gordinik daude, eurek prestatu ditzaten.
Eginda ematen dizkiezunak zuk prestatzen dituzu etxean?
Bai, nik egiten ditut. Parrokia-etxean [San Martzial] bizi naiz, eta hona etortzen dira janariaren bila.
Zein da zure laguntza jasotzen duten pertsonen profila?
Erakundeen laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen ez dituzten pertsona kopuru handi bat dago, baina badaude beste kasu batzuk: alarma egoerarengatik lanetik bota dituzten pertsonak, kontraturik gabe lan egiten ari ziren etxeko langileak, orain euren lana galdu dutenak, eta abar. Kontraturik gabe zeudenek, esaterako, lana egiteari uzten dioten momentuan, ez daukate inongo diru sarrerarik.
Nolakoa izan da auzoko bizilagunen inplikazioa?
Izugarria izan da. Hain zuzen, egun gutxitan lortu dugu apirilean zehar beharra duten pertsonei emateko elikagai kopuru nahikoa lortzea. Despentsa husten doan heinean, elikagai gehiago ekartzeko eskatzen joango naiz, eta zehazki zer behar dugun esango diet auzoko bizilagunei. Esaterako, pasta, arroz, gaileta eta garbantzu asko dauzkagu, baina babarrun gutxiago.
Laguntza eske deitzen dizutenean, Caritasera edo beste zerbitzu batzuetara bideratzen dituzu lehenengo?
Bai, Caritasek egoera honetan jarri duen telefono berezia ematen diet, baita gizarte langileen telefonoak ere. Euren arreta edo laguntza jasotzen duten bitartean, nik ematen dizkiet elikagaiak.
Beraz, bitarteko lana egiten duzu, nolabait.
Hori da, izan ere, goseak ez du eperik onartzen.
Laguntza eske deitzen jarraitzen du jendeak?
Bai, jendeak deitzen jarraitzen du. Lehengo egunean, esaterako, bikote bat etorri zen, eta esan zidaten ez daukatela inongo diru sarrerarik eta argirik gabe daudela. Beraz, gizarte langileekin harremanetan jarri nituen, argiaren kontua konpontzeko, baina ezin direnez sukaldean ibili, momentuz janari prestatua eman behar diet. Beste batzuk ere etorri zitzaizkidan, esanez etxebizitza alokatu batean bizi zirela lehen baina, hainbat gauza direla medio, bota egin dituztela eta lagun baten garajean bizitzen ari direla orain. Nikaraguako emakume bat ere badago, logela batean bizi dena, eta momentuz, ezin daitekeena erroldatu. Emakume hori ez da existitzen erakundeentzat, baina, gutxienez, egunero jaten ari da. Hau da, pertsona ikusezinen egoerak ikusten ari naiz, estatistiketan agertzen ez direnak, baina benetakoak direnak.
Altzakoak dira zure laguntza jasotzen duten familia guztiak?
Gehienak bai. Herrerako bi familia kenduta, gainontzekoak Altzakoak dira.
Beste gizarte eragile batzuekin ere lan egiten duzu, ezta? Kaleratzeak Stop plataformarekin, esaterako.
Kaleratzeak Stopen elkarretaratze guztietara joaten naiz, eta ahal dudan guztia egiten dut. Lau parrokiatako parrokoa naiz, eta nahikoa lan daukat horrekin, baina zaurgarritasun egoera horiek asko mintzen naute. Hau da, nola da posible etxegabetze lege batek, hipoteka erdia ordaindu ondoren, zure etxetik kaleratua izatea baimentzea, eta, gainera, oraindik hipotekaren beste erdia ordaindu behar izatea? Gehiegikeria izugarria da, naziek ere egiten ez zutena.
Zaurgarritasun egoeran dauden pertsona guztiak laguntzeagatik zara ezaguna, fededunak izan edo ez.
Bai, noski. Nik ez dut galdetzen sinesten duten edo ez, gizakia gizakia da.
Egoera zaurgarrian dauden pertsonak laguntzeko duzun gogoak zerikusia du zure fedearekin?
Ni 25 urterekin hasi nintzen apaiz izaten, eta aurretik ere egiten nituen horrelako gauzak. Hala ere, Jesus errukitsu eta gupidatsuaren figura aurkitu izanak lagundu dit horretan. Beste gauza bat da Elizako hierarkia eta beste hainbat gauza, askotan zerikusi gutxi dutenak errukiarekin eta gupidarekin.
Pertsonalki, zer moduz daramazu konfinamendua?
Ondo daramat, besteak beste, burua esna eta bihotza libre izatea ahalbidetzen didalako egoera honek.
Noiz arte uste duzu jarraituko duzula laguntza hau eskaintzen?
Uste dut luzerako doala. Gainera, izebergaren punta kolorez aldatzen denean, oso egoera zail asko egongo dira, krisi sakon bat baita hau, eta horrelako krisiek gizarte klase baxuenetan jotzen dute gogorren.