Koronabirusaren eta biodibertsitatearen arteko lotura, aldaketarako aukera
Adituek aspaldi iragarri arren, pandemiak harrapatu gaitu. Biodibertsitatea eta ekosistema osasuntsuak dira gure osasun bermerik onena. Orekak hautsi ditugu, ordea, eta buelta etorri zaigu. Sistema, bizimodua, aldatu behar dugu, errotik. Guk natura behar dugu, berak gu ez.
Etxean gelditzea tokatu zaigun honetan, artikulu andana argitaratu da koronabirusaren jatorriaren inguruan. Batzuetan biodibertsitatearen galerarekin zerikusia baduela baieztatzen zen. Inguruan jende askok galdetu digu egia ote den, eta egokia iruditu zaigu lotura azaltzea. Bestalde, basoko faunan jatorria zuela behin hedatuta, erruduna bilatu behar zela zirudien.
Gaixotasun berriak eta pandemia arriskua
Koronabirusa (COVID-19), birus berria dugu. Badakigu basoko faunako espezie batetik gurera salto egin zuela, eta horregatik gaixotasun zoonosikoa dela esaten dugu. Animalietan dauden birusen %1 baino ez dugu ezagutzen. Gaur egun, erregistraturiko giza gaixotasun infekziosoen %60 horrelakoak dira, zoonosikoak, eta aurkitzen diren gaixotasun berrien %75 ere bai. Baina, nola egiten dute salto espezie batetik bestera? Patogenoa (birusa) eta apopiloa (demagun saguzar bat) behar ditugu, eta askotan ostalariraino iristeko (balizko gaixoraino), bitartekariak behar dira, bektoreak (arkakusoak, akainak, eltxoak…). Gaixotasun infekziosoen %17 bektoreek zabaldutakoak dira, eta munduan 1.000 milioi pertsonengan dute eragina urtero. Askotan tarteko zubiak geuk jartzen ditugu, etxaldeko animaliak kasu. Hemen ez dago errudunik, ez apopiloa, ez tarteko espezieak, ez ostalaria eta are gutxiago birusa. Hauek ezinbesteko papera jokatzen dute prozesu naturaletan.
Espezieen arteko saltoak ematen dira kontaktuan sekula egon ez diren espezieak topatzen direnean, sistema immuneak ahul direnean, patogenoan mutazio bat ematen denean edota zubi-espezieak agertzen direnean. Horrela suertatu dira ebola, hegaztien gripea, zika, Rift bailarako sukarra, malaria edo hiesaren moduko izurriteak. Osasunerako Munduko Erakundeak (OME) aspaldi ohartarazi zuen pandemia arriskuaz eta azkenean iritsi da. Ez da lehenengoa izan, hor ditugu erdi aroko pesteak edo gripe espainiarra, eta ez da azkena izango. Hilkorrena ez da izango, baina bai inoiz gehien zabaldu dena. Globalizazioaren beste alderdia.
Biodibertsitatearen funtsezko papera
Muga guztiak gainditu ditugu. Iritsi gara bazter guztietara eta artifizialki kontaktuan jarri ditugu espezieak. Biodibertsitatearen galera ikaragarria da, espero zitekeena baino 1.000 aldiz handiagoa, 1.000.000 espezie mehatxaturik egonik. Ekosistemak etengabe ari dira elementuak galtzen eta edozein unetan kolapsoa etor liteke. Gizakiak ez gara konturatzen sistemaren parte garela. Ekosistema gaixorik badago, gu gaixotzeko aukera handiagoa da. Biodibertsitateak babestu egiten gaitu diluzio efektuari esker. Zenbat eta espezie gehiago, orduan eta aukera gutxiago izurriterako. Dibertsitate genetikoak ere alde jokatzen du, baina populazioak desagertzen badira, espezieak genetikoki pobretu egiten dira, gaixotzeko edo kutsatzeko arriskua emendatuz. Giza jarduerak espezie askoren bizilekua eraldatzen ari dira, haiek estresatuz. Ondorioz, immunitate sistema ahuldu egiten zaie, arriskuak ekarriz. Gainera, bitartekari berriak zabaldu ditugu, abereak, askotan osasun egoera penagarrietan pilatzen direnak. Hesiak geuk apurtu ditugu eta orain etorri zaigu buelta.
Agerian geratzen da biodibertsitatearen garrantzia eta ekosistemak orekatsuak mantentzeko beharra. Ingurune naturala osasuntsua izatea da gure osasun bermerik handiena. Espezie gisa, gure biziraupena ekosistemen zerbitzuen menpe dago, beraz, naturarekiko dugun harremana izateko era errotik aldatu behar dugu. Nazio Batuen hainbat erakundek biodibertsitatearen galera eta ekosistemen suntsiketa eta eraldaketa gelditzeko estrategia berri bat abiarazi dute. Horretarako, ekosistemen berrezarpena eta espezieak berreskuratzea ezinbestekoak dira. Horretarako, herrialdeek gutxienez lur azaleraren %30 babestu beharko luketela diote adituek.
Larrialdi ekologikoari gertutik erantzunez
Gurean ere ugariak dira mehatxaturiko espezieak, etengabeak naturari eginiko erasoak eta artifizialtasun maila altua da. Natura guneek %20 inguru okupatzen dute. Aukera ezin hobea dugu natura gune berriak sortzeko edo daudenak zabaltzeko. Udalerri mailan, zergatik ez erosi lurrak kontserbazioari begira? Zergatik ez zabaldu Uliako Babes Bereziko Eremua eta beste bat sortu Mendizorrotzen, Santa Klara uhartea eta marearteko zabalgunea barne, eta horien inguruko itsasaldea sartu? Noizko korridore berdeak, nagusiak, eskualdekoak eta herri mailakoak? Sare berdea behar dugu udalerrian, benetako gerriko naturalizatuarekin. Hortaz, Belartza Goikoak berriro nekazaritza eremua izan behar du. Asko dugu aldatzeko, has gaitezen ingurune naturaletik, bultza dezagun biodibertsitatea. Askok normaltasuna dute amets, baina ez dira konturatzen normaltasunean zegoela arazoa. Alda gaitezen.