UEFAk baieztatu du Realak Championsa jokatuko duela Liga berriro hasi ezean
(Argazkia: Reala) UEFAko batzorde betearazlea atzo bildu zen eta adierazi zuen denboraldiko kirol merezimenduak gailendu behar direla eta ez koefizienteak. Erabaki horrekin, Liga amaitutzat jotzen bada, Reala laugarrena izango litzateke, postu horretan baitzegoen Liga eten zenean, eta ondorioz Championsa jokatuko luke.
Egoera honetan, Realak eta Getafek puntu eta gol balantze berdina izango lituzkete, baina Getafek aldeko gol gutxiago dituenez, talde txuri-urdina aurretik geratuko litzateke. Edozein kasutan, ekainean eta uztailean aurten jokatu ez diren norgehiagokak jokatzea aurreikusten da, betiere alarma egoerak eta, batik bat, pandemiaren garapenak uzten badu. UEFAk hartutako erabakia bat dator Espainiako Futbol Federazioak joan den astean adierazitakoarekin.
Era berean, Kopa noiz jokatuko litzatekeen ikustea geratzen da, UEFAk esan baitzuen komeni dela abuztuaren 3 aurretik jokatzea herrialde bakoitzeko norgehiagoka guztiak. Egoera hori balitz, Kopa ezingo litzateke datorren denboraldian jokatu eta, udan jokatzekotan, publiko gabe izan beharko luke ziurrenik.

