Donostiako isiltasunaren soinua
Koronabirusak eragindako konfinamenduak Donostiako kaleak ia guztiz hutsik utzi ditu hilabete eta erdiz, eta ezohiko irudiak utzi ditu egoera horrek hirian. Normalean jendearen marmarra, autoen zarata eta haurren jolasak entzuten ziren lekuetan, txoriak, txakur bakan batzuk eta hirian oharkabean pasatzen diren soinuak –semaforoak, Garibai kaleko sirena, eta abar– entzun dira aste hauetan. Badira, baita ere, egun hauetan isiltasun hori hautsi duten zaratak, hala nola, hiriko hainbat lekutan egiten ari diren lanak, bat-batean bizilagun batek jartzen edo jotzen duen musika eta, nola ez, 20:00etako txaloak.
Igandetik aurrera, ordea, haurrak kalera irteten hasiko dira, eta maiatzaren 10etik aurrera, dena ondo badoa, konfinamendua pixkanaka arintzen joango da. Horrekin, kaleetako beste soinu horiek itzuliko dira, eta zaila izango da berriz horrenbeste txori eta isiltasunarekin entzuten diren bestelako soinu horiek entzutea. Donostian isiltasunean zer entzuten den gogoan izateko, bideo bat osatu du IRUTXULOKO HITZAk.