Etxealditik Euskaraldira: 'Pintxopotea, euskaraz'
Abian da Etxealditik Euskaraldira egitasmoaren azken fasea, eta etxean ere euskaraz egiteko bigarren proposamena sarean dago: 'Pintxopotea euskaraz'.
Sara Saizar Zumaia-Getariako Euskaraldiko kideak zabaldu du larunbateko proposamena, euskaraz gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin egiteko helburuarekin. Larunbata lagunekin elkartu eta zerbait hartzeko eguna izaten denez, etxealditik ere ohitura horri eusteko proposamena egin du Etxealditik Euskaraldira egitasmoak, modu birtualean eta, garrantzitsuena, euskaraz. Horrela, herritarrak bideo dei bidez lagunekin elkartzera animatu dituzte, edari eta aperitibo baten bueltan euskaraz aritzeko. Etxealdi egoeran gure hizkuntza ohituren inguruko hausnarketa egitea da egitasmoaren helburua, horrela, kalera irtetean euskara erabiltzea errazagoa izan dadin.
Apirilaren 20an bideo aurkezpena egin ondoren, apirilaren 21etik 23ra aurre hausnarketa bat egiteko proposamena zabaldu zuten ‘Zein hizkuntzatan hitz egiten dugu etxean eta etxetik?‘ galderaren bitartez. Dinamikaren azken fasea ostiralean hasi zen, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek etxean euskaraz jolasteko egindako proposamenarekin. Zazpi egunez egunero proposamen bat luzatuko dute Euskaraldiko webgunean eta sare sozialetan, baita ahobizi zein belarriprest Telegram kanaletan ere. Maiatzaren 3an bukatuko da Etxealditik Euskaraldira egitasmoa, ekitaldi bateratu batekin.
Urte amaieran egingo den Euskaraldirako prestaketa moduko bat da Etxealditik Euskaraldira, jarduera honetan parte hartzen ari direla adierazteko, herritarrek balkoiak eta leihoak koloretako borobilekin apaintzera animatu dituzte antolatzaileek. Bakoitzak bere puntua sortu dezake, baita helbide honetan eskuratu ere. Bestalde, Irutxuloko Hitzako hitzakideek ostiralean jaso zuten astekariko kontrazaleko puntu handia moztu eta euren leiho eta balkoietan ipiniz, Etxealditik Euskaraldira egitasmoan parte hartzen ari direla adierazi ahal izango dute. Era berean, sareen bitartez ere parte hartu daiteke, @deuskaraldia aipatuz edo #EtxealditikEuskaraldira traola erabiliz, bai egitasmoan parte hartzen ari zarela adierazteko, baita egun bakoitzeko proposamenen argazki eta bideoak partekatzeko ere.