Santa Klara irlako biogunea babestearen garrantzia nabarmendu du Parkea Bizirik elkarteak
Cristina Iglesias artistaren eskultura Santa Klaran ez egiteko eskatu zuen berriz ere Parkea Bizirik elkarteak hilabete hasieran, irlako biogunea babesteko. Eraikuntza arloko lanak itzuli diren honetan, irlakoak eteteko eskatu dute.
Parkea Bizirik elkarteak Santa Klarako lanak uztailaren 31era arte eteteko eskatu du, izan ere, Joseba Gurutz De Vicente Parkea Bizirikeko kideak azaldu duenez, irlako itsas hegaztien ugalketa denboraldia oztopatzen dute: “Itsas hegaztiak apirilean, maiatzean eta ekainean ugaltzen dira, batez ere. Lurrean egiten dituzte habiak eta 28-30 egun egoten dira arrautzak inkubatzen. Horregatik, konfinamendua pixkanaka gutxitzen ari den honetan, lanen atzerapena eskatu dugu, udaberria udaberri izan dadin, eta hegaztiak ez molestatzeko. Erakundeengandik, ordea, ez dugu erantzunik jaso”.
Irlan askotariko itsas hegazti espezieak bizi direla azaldu du De Vicentek: “Esanguratsuena kaio hankahoria da, kolonia handi bat bizi baita uhartean. Horretaz gain, kaio ilunen bi bikote ere ikusi genituen iazko udaberrian, beraz, pentsatzen dugu aurten ere han ugalduko direla. Kaio beltza ere egon daiteke. Animalia izugarri handia da kaio beltza, eta iaz lehenengo aldiz etorri zen irlara ugaltzera. Bisitariek habia suntsitu zioten, baina bigarren aldiz egin zuen, eta zonaldea hesi batekin babestu zuten. Bisitariek, ordea, ez zuten hesia errespetatu eta berriz hautsi zuten habia, dagoeneko txita zegoenean”. Horietaz gain, ubarroi mottodunak habiak Igeldoko itsaslabarretan egiten baditu ere, irlako goiko aldea atseden hartzeko erabiltzen duela adierazi du Parkea Bizirikekoak, baita migrazioetan hiritik pasatzen diren beste hainbat hegaztik ere.
Itsasargian egiten ari diren lanek irlan habiak egiten dituzten hegaztiengan eragin handia dutela nabarmendu du De Vicentek, baita irregulartasun batzuk egon direla ere: “Animalia hauek lasaitasuna behar dute ugaltzeko. Lanak goiko aldean egiten ari dira, eta itsas hegaztiek itsasargi ondoko zelaian, bide bazterretan eta itsaslabarretan egiten dituzte habiak. Lanak egiteko, helikoptero bat ez dakit zenbat bider joan zen irlara, materiala eramateko. Horrek eragin zuen hegazti guztiak irlatik joatea egun horretan. Bestalde, lanetako makinek, zaratek eta langileen joan etorriek hegaztiak aztoratzen dituzte. Horretaz gain, hainbat dei egon ziren urtarrilean, uhartearen goiko aldean ke zutabe bat ikusten zelako. Udal gobernuak esan zuen hori langileek egin zutela eskuak berotzeko, baina gezurra da, hondakinak erretzeko egin zuten, eta hori debekatuta dago”.
De Vicenteren arabera, ordea, hegaztiak ez dira kaltetutako bakarrak, irlako biogune guztia baizik, hala nola, Armeria Euscadienses landare babestua, txilarra eta munduan bakarra den irlako sugandila: “Sugandila bakarra da munduan bere ezaugarri propioak garatu dituelako hainbeste urtez kontinentetik bananduta bizi ondoren: gigantismorantz jo du eta azalean puntu mota berezi batzuk garatu ditu. Esperientziak esaten digu gero eta gizakien presentzia gehiago egon irlan, orduan eta oreka gutxiago dagoela biogunean”. Era berean, horrelako biogune bat hiritik hain gertu izateak Donostiari aberastasun handia ematen diola azpimarratu du, bioaniztasunaren ikuspuntutik.
Horregatik, nabarmendu du Parkea Bizirik elkartea ez dagoela eskultura egitearen aurka, beste leku batean egiteko eskatzen dutela, euren ustez, helburu turistikoak dituelako, eta bisitari kopurua igotzeak, galera natural handia eragingo lukeelako Santa Klaran: “Ikuspuntu horretatik, ezin zaio arte deitu, uharteak egiten duelako ospetsu eskultura, eta ez alderantziz. Hau da, leku enblematiko bat erabiltzen ari dira eskultura bat nabarmentzeko, baina ondare kolektibo eta unibertsalaren kalterako”.
Izan ere, udako bi edo hiru hilabeteetan irlako erabilera “masiboa” izaten dela esan duen arren, urtean zehar errekuperatu egiten dela azaldu du De Vicentek, nahiz eta apirilean eta maiatzean ere bisitariak joaten diren: “Turismo departamentuak apirileko eta maiatzeko asteburu guztietan eta Aste Santuko jaiegun guztietan irlarako bost bidaia eskaintzen ditu egunean. Iaz, kaio beltzaren habia maiatzean hautsi zuten lehenengo aldiz, berez debekatuta dagoenean hara joatea. Udalak datu horiek ezkutatzen ditu”. Era berean, uda garaia iristen denean irlako goiko parteko belarra mozten aritzen diren udal zerbitzuek habiekin kontu gehiago izan beharko luketeela adierazi du: “Duela urte batzuk goiko zelaian egon nintzen maiatzean, eta saltoka ibili behar zenuen habiak ez zapaltzeko. Iaz, ordea, ez zen horrela, askoz habia gutxiago zeuden. Izan ere, belarra mozten dutenean, habiak pikutara bidaltzen dituzte askotan, eta ez dira gai izan neurriak hartzeko gure ondare naturala babesteko”.
Horregatik guztiagatik, udalari irlako zonaldea biotopo izendatzeko eta babesteko neurriak hartzeko eskatu izan diotela azaldu du De Vicentek, baina ez dutela inongo erantzunik jaso: “Santa Klara Gipuzkoako irla bakarra da, eta uhartea bera eta hango espezieak legez babestuta daude, beraz, hori guztia babesteko neurriak hartu beharko lituzkete. Erakundeek, ordea, ez dute nahi, luzatu baitiegu zonalde guztia biotopo izendatzeko eskakizuna, baina ez dugu erantzunik jaso. Beraz, argi dago euren bidea ez dela kontserbazionismoarena, baizik eta esplotazioarena”.